Herenegun merezi zuen garaipena, baina gaur iritsi da. Bigarren etapa garaipena lortu du Wout Van Aert-ek, Lausanako Olinpiar Estadioan. Lau kilometroko igoeraren ostean esprint ederra egin du azken 100 metroetan, eta Matthews eta Pogacar menderatu. Ez da garaipen erraza izan, Van Aert-ek kokapen arazoak izan baititu azken 200 metroetan. Israel taldeko txirrindulari batekin ibili da borrokan aurrena, eta Lotto taldeko beste batekin ondoren. Bazirudien aurrera egiteko arazoak izango zituela, baina zirrikitua ikusi bezain pronto pedalak astintzen hasi da eta indartsu gainditu ditu Pogacar liderra eta Matthews australiarra. Garaipena esprintean erabaki da, ez da erasorik egon azken aldapan. Borako Konrad-ek, eta UAEko Majkak ezinezko egin dituzte erasoak, erritmo itoa jarriz, eta garaipena azken esprintean erabaki da. Ez da alderik egon sailkapen nagusiko oilarren artean.
Etapak espero zen bilakaera izan du, baina ihesaldia txikia izan da, hiru lagunekoa. Borroka handia egon da lehen 20 kilometroetan, eta ahalegin asko. Wright, Cattaneo eta Frison hirukoak lortu du zuloa irekitzea, baina tropelean ez zen pakerik, eta 20 segundoko tartean mantendu dira luze. Orduan, baina, erorketa handia gertatu da tropelean. Pogacar bera erori da, eta berarekin batera beste asko: Bardet, Xakmann, Uran... Tropela hautsi egin da, eta Jumbok erritmoa mantsotzea erabaki du, eroritakoak multzo nagusira bueltatu zitezen. Horrek zuloa irekitzeko aukera eman die aurreko hirurei, baina azkar ikusi da ez zutela aukerarik izango, Jumbo eta Bike Exchange lanean hasi direlako, Van Aert eta Matthews-en mesedean. Halaxe gertatu da bukaeran.
Bihar 9. etapa jokatuko da, Aigle-Chatel Les Portes du Soleil. Etapa luzea da, 192 kilometro, eta 3.500 metroko desnibel metatua duena. Bidean laugarren mailako mendate bat, bigarren mailako Col des Mosses, eta lehen mailako Col de la Croix eta Pas de Morgins ezagunak. Lehen mailako biak zeresana eman dezakete. Croix gaiztoa delako, 8.1 kilometro %7.6ko maldarekin, eta Morgins luzea, 15 kilometro eta %6,1eko batez besteko maldarekin. Morgins gainetik bederatzi kilometro daude helmugara, bost beherantz, eta azken lauak gorantz, igoera leunean.