Batean bale, bestean kale. Etapa garaipena erabakitzeko borroka ederra izan da, tentsio bizikoa, ez baita azken kilometrora arte argitu. Sailkapen nagusikoa, aldiz, etsigarria izan da. Oilarren mugimenduak espero ziren, INEOS edo Jumbo UAE eta Pogacar xaxatzen saiatzea, baina imintziorik ere ez. UAEk lasterketa blokeatu nahi du, ihesaldi arriskutsu oro saihestuz, sortzen direnak gertutik kontrolatuz, eta zubi lana eragin dezaketen estrategia oro zapuztuz. Nola? Tropel buruan erritmo bizia jarriz etapa osoan; jendea muga-mugan eramanez. Horrek ezinezko egiten du urruneko ihesaldi ahalegina, eta Tourra itsusten ari zaigu. Kontuz, gainera, joera hori areagotuko ez ote den hurrengo bi astetan. Tourreko lehen herena pasata, bigarrenean ziklistak lortutakoa gordetzea dute lehentasun, arriskatu eta gehiago irabazten saiatu baino.
Etapako borroka, aldiz, oso polita izan da. Beste behin, oso nekeza izan da ihesaldia osatzea, 60 kilometro behar izan dira ia, eta horrek neke handia eragiten du. 21 lagunek egin dute hanka, eta tartean ziren Jonathan Castroviejo getxoztarra eta Ion Izagirre ormaiztegitarra. Odol garbiko zaldi onak ere bai: Van Aert, Pinot, Konrad, Jungels, Verona... Hiru minutuko aldea eduki dute gehienez, baina tarteka bazirudien UAEk ez zuela barkatuko, eta etapa irabazten ahaleginduko zela berrrio. Ez da hala izan, eta aurrekoen artean erabaki da. Jungels-ek jo du aurrera aurrena, Col de la Croix gainean. Geschkek berarekin bat egin du pankartapean, punruak hartzeko, baina ez du biderik egin nahi izan Luxenburgokoarekin, biek hori egitea erokeria zela pentsatuz. Badu bere logika, Croix eta Morgins artean 20 kilometroko ordeka zegoelako. Gaiztoa, bakarrik edo biren artean bakarrik egiteko.
Jungels-ek bakarrik egin du martxa, eta iheskide zirenak zuhurkerian murgildu. 2.20ko aldearekin ekin dio Pas de Morgins azken mendateri, eta tropelean ere UAEk ez du sobera estutu: 3.30ko aldea. Ziurra zirudien Ag2r taldekoaren garaipena, baina iheskideen artean Pinotek astindu du zuhaitza. Groupamakoak egurrean igo du Morgins, eta bi minutuko errenta jaten joan da metroz metro. 20 segundora ere izan du Pinotek Jungels Morgins gainean, baina Jungels-ek hobeto kudeatu du bere indarrra, bere gaitasuna, eta azkenean eutsi egin dio gorantz egiten zuen helmugan. Castroviejo bigarren helmugaratu da eta Pogacar izan da tropeleko azkarrena. Ez da alderik egon onenen artean.
Bihar lehen atseden eguna izango du tropelak, eta asteartetik aurrera Alpeak zeharkatuko dira. Etapak gogorrak dira, baina indarrik ezean jai dago. Tourrak, bere handitasunean, badu joera hori.