Txirrindularitzak bilakaera logikotik gutxi duela berretsi da Alpeetako lehen etapan. Halako fenomeno paranormalak gertatu dira Megeve-eko aerodromo inguruan, eta batek daki zer gerta litekeen bihar eta etziko etapetan. Logika etapa une erabakigarrian sartu arte nagusitu da. Ihesaldi handi bat sortu da, 25 lagunekoa, eta Tourrean ohikoa den legez, ziklista on asko tartean: Kamna, Van Baarle, Luis Leon Sanchez, Leknessund, Magnus Cort, Ion Izagirre... Tropelak egiten utzi die, eta 8 minutu pasatxoko zuloa ireki dute azken mendatearen atarian. Kilometro batzuk lehenxeago manifestazio batek lasterketa eten du, 20 minutuz.
Azken mendatea baino lehen jo du Bettiol-ek. Harrapatu egin dute. Luis Leon Sanchez-ek jo du ondoren, baina bete egin da, eta Schultz eta Magnus Cort Nielsen-en arteko esprint itxian erabaki da garaipena, azkenerako. Bikaina Cort danimarkarraren jarduna, igoeran tarteka gorriak ikusi baititu onenen gurpiletik gehiegi ez urruntzeko. Pazientziaz jokatzen jakin izan du, sobera berotu gabe, eta une egokian abiatuta esprinta. Garaipen ederra Education First taldearentzat, eta merezimendu osoz, talde lan bikaina egin baitute. Aurrena Bettiol-ekin saiatu dira, eta haren ahalegina ustela izan denean, Magnus Cort-ekin saiatu.
Ihesaldian zen Lennard Kamna, etapa irabazteko faborito bakar, ia. Garrote handia du alemaniarrak, baina Megeve mendatea etzanegia da bere potentziaren moduko txirrindulari batentzat. Maillot horia lortzeko aukera ere bazeukan Kamnak, eta aurkari guztiek beragan jarri duten gehiegizko zaintzak etapa garaipenetik urrundu dute alemaniarra. Zain geratu da Bora taldekoa, maillot horia lortu ez lortu, baina tropelean gauza arraro samarrak gertatu dira azken bi kilometroetan. Van Aert-ek errelebo pare bat eman ditu erritmoa bizitu eta UAE taldearen asmoa zapuzteko. Harrigarriena, dena den, Pogacar-en esprinta izan da, egin izan ez balu hortxe-hortxe ibiliko litzatekeelako Kamna-Pogacar dema, maillot horia lortzeko. Itxura Pogacar-ek bere kabuz erabaki duela azken 100-200 metro horiek bizi-bizi egitea, maillot horiari eusteko. Segundo bakarra irabazteko egin duen erritmo aldaketak ez baita zentzu handirik, bestela.
Bihar Alpeetako lehen etapa jokatuko da, 151 kilometro Albertville eta Col du Granon mendatearen artean. 3.800 metroko desnibel metatua du, eta igoera kilometro asko eta zailak. 45 kilometro izango dira denera, gorantz. Lacets de Montvernier, aurrena, 180 graduko bihurgunez jositako mendate ederra (3.4 km., %8.2ko batez bestekoa). Telegraphe-Galibier binomioa ondoren. 12 km. Telegraphe-ek (11.9 km. eta %7.1ko batez besteko malda), sei km. jaitsi eta Galibier erraldoia: beste 17.7 kilometro, %6.9ko batez besteko malda, 2.645 metroko altuerara iritsi arte. 25 kilometroko jaitsiera, ondoren, eta Col du Granon bukatzeko, ziur aski Tourreko mendate gogorrena: 11.2 kilometro eta %9.2o pendiza. Hizki larriz, IKARAGARRIA!!! Erne estrategiei, eta erne beroari. Salda handia dago iragarria, 33 gradu bailaratan.