Frantziako Tourra 2022

Pogacar belaunikatzen hasia da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 19a, 17:56

Ihesaldi handi batean erabaki da Pirinioetako lehena, eta Hugo Houle kanadarrak irabazi du etapa; Pogacarrek gorantz eta beherantz erasotu dio Vingegaard-i, baina ezin du, eta etsitzen hasia da

Zer kontatu ugari eman du Pirinioetako lehen etapak, eta ondorio garrantzitsuenak zerrendatzea, onena. Denetan garrantzitsuena, Parisko maillot horia Danimarka aldera abiatu dela, hegazkin txartelak hartzekotan da Vingegaard. Pogacar-ek erasoak agindu zituen bart, atseden egunean, eta jo ditu. Bi Lers mendatean gora, beste pare bat jaitsieran. Jo duen lehenengoak ezustean harrapatu du liderra, baina erraztasun handiarekin itxi du Pogacarrek irekitako dozena metroko zuloa. Bigarren erasoa ere errez itxi du, eta maldan behera Pogacar liderra urduritzen saiatu da. Alperrik, baina. Ezin du, eta Tourra bukatzen ari da. Pogacar etsitzen hasia dela ere esan genezake, Mur de Peguere-eko malda tenteetan saiatu ere ez delako egin. Jumboko Sepp Kuss-ek erritmo itoa jarri du hiru kilometroko horma tentean, eta Pogi mugitu ere ez da egin. Gauza asko gerta litezke txirrindularitzan, baina gaur-gaurkoz ezinezkoa dirudi Pogacar-ek Vingegaard-i gaina hartzea.

Etaparen inguruan, aldiz, ezusteko handiak. Garailearekin hasita, Hugo Houle kanadarrak etapa irabaztea ezustekoa izan baita. Batez ere osatu den 29 laguneko ihesaldian izen handiko aurkariak zeudelako: Woods taldekidea, Storer, Madouas, Vlasov, Caruso, Van Aert... Vlasov nagusian 10 minutra zegoen, 10. postuan, baina Jumbok bidea egiten utzi dio ihesaldiari, eta zortzi minutuko aldea lortu dute. Ihesaldian eraso asko Lers-en, baina bi mendateen artean Hugo Houle-ek egindakoa izan da erabakigarria, minutu erdiko zuloa ireki eta ondo eutsi diolako helmugara arte. Bai gorantz, eta baita beherantz ere. Rusty Woods taldekidea zaintzan eduki izana ere erabakigarria izan da, Houle-ek arrakasta izan zezan.

Aparteko kapitulua merezi du Movistar taldearen taktikak. Gorka Izagirre eta Matteo Jorgenson sartu ditu ihesaldian, eta Jorgenson estatubatuarra Burgaudeau eta Gougeard-ekin ere joan da, minutuko zuloa irekitzeko. Autotik, baina, geratzeko esan diote, bi lagunekin joanda arrakasta ezinezkoa zela pentsatuz, nonbait. Lers-en gora mugitu egin da Movistar, eraso taldea izan da Mas liderra lagundu duten bi taldekiderekin. Mas bakarrik joan da, eta minutu bat lortu du, Jumboren baimenarekin. Bere zoritxarrerako, ordea, Pogacar-ek jo du, eta horrek oilarren taldea txikitu du, Mas-en ahalegina zapuztuz. Nobleen multzoan Bardet-ek sufritu du gehien, Lers-en. Mur de Peguere hasieran Movistar taldeak jarri du erritmoa, baina zergatik ezin jakin, mendate horretako zati gogorrenean modu naturalean hautsi delako onenen multzoa. Mas atzean geratu da azkar. Helmugan maillot horiarekiko hiru minutu utzi ditu Mas-ek, eta Top 10a bera zail du orain. Vlasov, aldiz, ihesaldian sartu da, eta bere sasoi puntu onenetik urrun dagoela agerikoa izanda ere, 8. da nagusian, Top 5ean sartzeko aukera dezenterekin.

Bihar Pirinioetako bigarrena jokatuko da, Saint-Gaudens-en hasi eta Peyragudes-en bukatu. 130 kilometro baino ez, eta lehen 50ak lauak. Ondoren lehen mailako hiru mendate eta bigarren mailako beste bat jarraian, atsedenik gabe: Aspin, Hourquette d'Ancizan, Val Louron-Azet eta Peyragudes. Azken biak dira gogorrenak, %7ko pendiza, 9 kilometroko aldapa. Maillot horiaren lehiak itxia dirudi, baina beste guztia argitzear dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!