10. Wout Van Aert. Tourreko indartsuena, askogatik. Ez da azkarrena izan, baina izan zitekeen, bere helburua hori izango balitz. Ordekan ibili da, gorantz, beherantz, lanean, harbidean, 150 kilometroko ihesaldietan... Funtsezkoa Vingegaard-ek Tourra irabazteko, eta hiru etapa eta maillot berdea zakura. Erakustaldi ikaragarria. Berarekin, edo bera gabe, Tourra zeharo ezberdina izango litzateke. Chapeau
9. Jonas Vingegaard. Oso txirrindulari sendoa. Terreno guztietan menderatu du garaiezina zirudien Pogacar, eta talde indartsuenaren babesari esker bere lehen Tourra irabazi du 25 urterekin. Hiru parte hartze, hiru podium, horrek ere bere erregulartasuna nabarmentzen du. Kronoan asko hobetu du, mendian gora Granon eta Hautacam-en nagusi. Ziklista handia dago dago etorkizunari begira.
8. Tadej Pogacar. Garaiezina zirudiena, garaituita, baina ez da inoiz belaunikatu, eta azken metroraino saiatu da Vingegaard eta Jumbo garaitzen. Akats handia egin zuen Galibierren gora, Jumboko Roglic eta Vingegaard liderraren eraso guztiei erantzunez, berak erasoekin erantzuten, eta garesti ordaindu zuen Granon-en. Bestelakoan nahiko paretsu ibili da Vingegaard-ekin. Epikoak izan bide dira etorkizunean danimarkarrarekin izango dituen borrokak.
7. Jumbo Visma taldea: Lokomotora eraginkorra. Taktikoki bikain aritu dira etapa erabakigarrietan, Granon eta Hautacam-en bukatu zirenak, adibidez. Van Aert zure taldean edukita gauzak errazago egiten direla esango du norbaitek, eta egia da, baina Van Hooydonck-ek, Laport-ek, Benoot-ek, Roglic-ek, Laportek eta Kuss-ek Tour bikaina egin dute, nagusikeriaz jardun gabe gainera. Bloke hautsezina.
6. Geraint Thomas: Bikaina, 3. postuan 37 urterekin, eta bultzaka datozen guztien gainetik. Erregularra, zintzoa, bere mugak onartu eta Pogi eta Vinekoren aurka buruz buru zer eginik ez zuela onartuz publikoki.
5. Jasper Philippsen: Suitzako Itzulian bigarren helmugaratu eta garaipena ospatu zuen irudiarekin handi samarrak jasan behar izan ditu, baina ordainekoa hartu du, bi etapa irabazita. Atzokoa, batez ere, Eliseoko Zelaietako etapak balio ikaragarria baitu esprinter batentzat.
4. Danimarka: Bertako txirrindulariek eman duten maila ikaragarria izan da: Vingegaard, Magnus Cort Nielsen, Mads Pedersen... eta ze irudik Kopenhagen-en eta herrialde harteko belaze eta kale kantoietan. Euskal Herriak badu erronka, hurrengo urteari begira. Haiek adina edo gehiago izatea.
3. Historiako Tour azkarrena izan da, atzo bukatutakoa: 42.02 kilometro orduko. Egia da 10,20, 30 urte atzera korritu ziren Tourrak luzeagoak zirela, 1.000 kilometro gehiago, baina aurtengoa ziztu bizian egin dute, eta inoiz baino diferentzia handiagoak egon dira sailkapen nagusian.
2. Movistar taldea: Enric Mas-en aldeko apustua egin zuten erabat, eta hautu okerra izan da. Ihesaldietan saiatzeko kemenik gabe geratu direlako lan horretan treneak diren hainbat txirrindulari. Mas podiumean kokatu nahi zuten, helburu hori bere gaitasunaren oso gainetik dagoela onartu ezinik. Estrategia okerra darabilte azken urteetan, eta maila galtzeko arrisku handia daukate.
1. Frantziako bigarren mailako taldeak: BBK Hotels eta Direct Energie, batez ere. Gutxi azaldu dira, eta garaipena lortzeko aukerarik gabe, apenas. Arkea txukun aritu da, Quintanarekin. Lotto eta Astana ere oso justu, desagertu antzean.
0. Sagan eta Ewan: Esprintear handiak izandakoak, urteak ez dira alferrik pasatzen haien hanka zuztarretatik. Ewan-ek eroriko pare bat izan zituen lehen astean, baina oso justu ibili da mendian. Sagan ere onenak emandakoa, bere taldeak marketin kontuen bidez jaso beharko du bueltan eslovakiarrarekin egin zuen inbertsio potoloa.