Gaur arratsean hasiko da Herbehereetako Utrecht hirian, eta hurrengo astean bi etapa korrituko dira Euskal Herrian; ibilbide erakargarria du, eta Roglic-en baiezkoarekin, parte hartze polita batu du azkenerako
Bueltan da pandemia osteko lehen Vuelta, eta Giroa eta Tourra bezala, jatorriko mugetatik kanpo abiatuko da egutegiko azken itzuli handia ere. Herbehereetatik, Utrecht hiritik, hain zuzen ere.23 kilometroko taldekako erlojupekoarekin abiatuko da, aspaldi ikusten ez dugun diziplina aski interesgarria.
Polita dator Vuelta, bai ibilbidez, baita parte hartze alorrean ere. Tourrak ziklisten hanka zuztarrak agortuta uzten ditu, eta han justu antzean bukatu dutenek ez dute nahi izaten beste hiru-lau asteko kirol exigentzia gorenari aurre egin. Zenbaitzu behartu samar ere lehiatuko dira, Tourrean neurria eman ezinda bukatu ostean. Giroa korritu zutenek argiago zuten bigarren ahalegin bat egiteko moduan egon zitezkeela, Giroa bukatu ostean bi hilabete oso izan dituztelako indarrak berreskuratu, eta Vuelta modu egokian prestatzeko.
Handik etorriko dira Vuelta irabazteko hautagai sendoenetako batzuk: Jai Hindley australiarra, denetan aurrena. Corsa Rosa-ko garailea, eta BORA-Hansgrohe talde sendoaren buru. Ondo ibili da aussie-a Burgosko Itzulian, aurrean ibiliko da gauzak normal. Hindley-k Kelderman eta Higuita izanen ditu alboan. Carapaz bigarren izan zen Giroan, baina ekuatortarraren hautagaitzak herren egiten du nabarmen. Ez da ondo ibili Polonian, eta itxuraz taldez aldatuko du denboraldi bukaeran. Horrek, jakina, INEOS taldeak beste hautagairen baten aldeko apustua egitea ekar dezake, eta non aukeratu badu, egiari zor: Sivakov Burgosko Itzuliko garailea, Carlos Rodriguez, Tao Geoghean Hart, Ethan Hayter… Mikel Landak ere hautagaien zerrendan behar luke, podiumekoena bai, behintzat, baina Murgiakoak, zintzotasun handiz, etaparen bat lortzeko asmo apala duela adierazi du Vuelta hasi aurretik. Ikusiko da, Vuelta aurrera doan heinean, hala den edo erronka potoloagoetan murgilduko den edo ez.
Horien guztien gainetik daude, baina, beste izen batzuk, eta batez ere bat: Primoz Roglic. Esloveniako hegalari txikiak azken hiru Vueltak irabazi ditu errenkadan, eta Tourra fisikoki txikituta eta lesionatuta utzi ostean, Vuelta hasi bezperan baieztatu du itzulia korrituko duela. Ikuskizun ze sasoi puntua duen, baina etorri bada, erne. Bere lehiakortasuna muturrekoa da, eta Vueltan ezin hobeto moldatzen dela erakutsi du. Nork egin diezaioke aurre Roglici? Tropeleko ume moko ikusgarrienak: Remco Evenepoel. Itxuraz gaztetasunaren harrokeria apaltzen ari zaio pixkanaka, zentratua dago, eta inoiz baino argalago. Donostiako Klasikoan Erlaitzen gora egin zuen txikizioak fuoriclasse-ek bakarrik egin ditzakete, eta Evenepoel hors categorie da, txirrindulari handia. 3 asteko itzulian erregularra dela erakustea falta zaio, baina hautagai serioa da. Joao Almeidak ere jokoa emango du. Portugaldarra atzean uzteko akabatu egin behar duzu, berak ez duelako inoiz amore ematen. Burgosen erakutsi zuen ondo dagoela, eta goraka ondo eusten badio, erlojupekoan maisua da. Juan Ayuso taldekide bikaina izanen du alboan une kritikoetan.
Beste izen batzuk aipatze aldera. Miguel Angel Lopez gogotsu dabil, polizia ikerketa batean nahastu zuen pasadizo zailaren ondoren. Sierra Nevada oso goian dago, 2.500 metro, eta sasoitsu badago min handia egin dezake han. Ordizian aise nagusitu zen Simon Yates-ekin ere adi, irregular samarra bada ere. Enric Mas podiumerako hautagai izanen ote da, Tourrean mendate jaitsieretan duen arazoa gori-gorian azaleratu ostean?
Ibilbide ederra!
Ibilbidea polita da, erakargarria, ohi bezala igotzaileen alde desorekatua baitago. Gaurko 23 kilometroko taldekako erlojupekoaz gain beste erlojupeko bakarra izanen da, bigarren aste hasieran, eta bakarkakoa: 30 kilometro lau Alacant aldean.
Espezialista petoek denbora puska bat irabazteko aukera izango dute, egun horretan, baina ordura arte, eta ondoren, igotzaileek aukera anitz izanen dituzte. Guztira bederatzi etapa bukatuko dira mendateren batean, eta hori kopuru handia da.
Aurrez Euskal Herria bisitatuko du Vueltak. Herbehereetatik Gasteizera, zuzen-zuzenean. Guardiako gune historikoan bukatuko da asteartekoa, Gasteiztik abiatu ostean, eta Bilbon asteazkenekoa, Irundik abiatuta. Ondoren Jano, Collau Fancuaya eta Les Praeres Nava igoko dira Kantabria eta Asturiasen. Fancuayak 10 kilometro ditu, %8.5eko pendizarekin.
Bigarren asteak bukaera benetan gogorra dauka, erabakigarria izan bide dena: La Pandera larunbatean, ezaguna, berotzeko, eta Vueltako etapa gogorrena igandean, Sierra Nevada eski estazioaren inguruan. Tropela Hoya de la Mora ingurura igoko da, 2.512 metrora, eta Sierra Nevada Hazallanas mendate gaiztotik barrena igoko dute. Lehen 7 kilometroak %10etik gorako malda dute, batez beste. Aurrez Purche bihurria ere igoko dute, eta beroa handia bada, triskantza handia egin dezake tropelean.
Azken asterako geratuko dira joko apur bat eman dezaketen Tentudia eta Piornal mendateko bukaerak, eta larunbaterako, irailaren 10erako, azken traka, Madril eta Segoviako mendietako etapa klasikoarekin. Fabio Aruk etapa berberean lapurtu zion lidergoa Tom Dumoulin-i 2017an. 4.000metroko desnibela daukan ibilbide gaiztoa da, txirrindulariak muga-mugan doazenean, eta gauza asko erabaki daitezke Madrilera iritsi aurretik.
Lehia berehala hasiko da, arratseko seietan, 23 kilometroko erlojupekoarekin.