Kolpe handia eman du Jumbo taldeak bere aberrian, Vueltako lehen etapan. Taldekako erlojupekoa bihurria izan da ibilbidez, bihurgune dezenterekin, eta hezetuta tarte batzuetan, arratseko zazpiak bitarte euri txikia egin baitu Utrecht hiriko kaleetan. Bike-Exchange-ek egin du onenen artean denborarik onena, eta UAE Emirates hurbildu zaio gehien, 2 segundora bakarrik. INEOS faboritoetako bat zen, eta aurreikuspenak bete ditu, behin-behinean lidergoa lortuz helmugan. Britainiar inperiokoen aurretik zeuden, ordea, atariko pronostikoetan Quick Step eta Jumbo-Visma, baina belgikarrek ezin izan dute INEOS-en kronoa gainditu lanak bukatuta. Segundo bakarrera helmugaratu dira.
Jumbok bakarrik hobe zezakeen INEOSen denbora, eta Herbeheretakoek kronoa hautsi dute. Ibilbide erdian 14 segundo kentzen zizkion jada Quick Step-i, eta helmugan denbora onena egin du, segundo politak irabaziz eta Robert Gesink beteranoari opari ederra eginez: Vueltako lider. 13 segundo on jan dizkio Jumbok INEOS bigarren sailkatuari, Almeidaren UAE minutu erdira helmugaratu da, eta Hindleyren BORA 40 segundo pasara. Txukun aritu direnen artean, deigarria Juanjo Oroz-ek gidatzen duen Kern Pharma taldearen lan ona, Top 10aren bueltan, itzuli handi bat korritzen duten lehen aldian. Astana eta Miguel Angel Lopez ere txukun aritu dira.
Bihar bigarren etapa korrituko da, Hertogenbosch-Utrecht, 175 kilometro ia erabat lau, etapa erdian dauden muino txiki batzuk izan ezik, laugarren mailako mendate bat tartean. Esprintean bukatzeko moduko etapa, haizearen baitan.