Gidoi klasikoa izan du Vueltako bigarren etapak: baimendutako bost lagunen ihesaldia, eta tropelaren halako baimena. Halakoa, Allpecin taldea jazarpen lanean tematu delako, oso garaiz. Azparren donostiarra sartu da ihesaldiko boskotean, eta bost minutuko aldea lortu ostean Alpecin egurrean jarri da tropelean, boskoteari batere aukerarik eman gabe. Helmugarako 100 milometro falta zirela ikusi dute begi bistan ihesaldia, eta orduan hanka altxa dute apur bat Alpecin-eko morroiek. Ordurako, baina, aurrekoen esperantza ito dute, eta tropela bera harritu samar geratu da Belgikako taldearen jarrerarekin, presarekin.
Etapa hondarrean Luis Angel Mate andaluziarra saiatu da, hau ere Euskadi Funaziokoa, Azparren bezala. Eta Azparren bezala, ba aukerarik gabe. 40 segundo irabazi ditu, baina nahieran harrapatu du tropelak. Esprinta bihurri samarra zen, tekniko samarra, bihurgune gaizto pare batekin, eta terreno horretan Alpecin-ek ez du neurria eman. Morroiak erre ditu jazarpenean, baina Merlier ondo eramateko borrokan kale egin dute., eta San Bennett eiretarrak aise irabazi du etapa. Alpecinek lana, BORAk jana. Askotan gertatzen da hori, baina Alpecin-ek hausnarketa sakona egin beharko du Hertogenbosch-en gertatutakoaz. Bukaerako tentsioan hautsi egin da tropela, eta Gesink liderrak segundo batzuk galdu ditu. Mike Theunissen taldekideak eramango du bihar maillot gorria.
Bihar Herbehereetako hirugarren eta azken etapa korrituko da: Bredan hasi eta bukatu, 193 kilometro eta 300 metroko desnibel metatua baino ez. Alegia, laua ia erabat. Haizearekin erne, badezpada.