Txirrindularitza ez da futbola, zorionez, baina futboleko emaitza bat erabil genezake azken bi etapek eman dutena laburbiltzeko. Bietan Sam Bennett nagusitu da, bietan aise, eta bietan hutsaren hurrengoaren pare utziz beste faboritoa, Tim Merlier. Atzokoan Hertogenbosch-eko ailegaera bihurria, errepide estuak izan ziren Alpecin taldearen eta Belgikako txapeldunaren aitzakia, euren porrota justifikatzeko. Gaur, Bredara bidean, errepideak zabalak ziren, bihurguneak eskasak eta azken kilometroak arriskurik gabeak. Berriro Bennett-ek irabazi du, eta berriro Merlier jokoz kanpo geratu da, esprintean sartu ezinik, garaipenaren borrokatik urrun. Bennett eta BORA ere ez dira finegi aritu, baina Danny Van Poppel eta Ryan Mullen bideratzaileek lan bikaina egin diote etapa garaileari, eta Eirekoak nahikoa izan du bere kalitatearekin aurkari guztiak menderatzeko.
Zazpi lagun sartu dira eguneko ihesaldian, eta bertan ziren Ander Okamika lekitxarra eta Mikel Iturria urnietarra. Hiru minutu lortuta hasi da lanean tropela, eta kontrolpean eduki dituzte uneoro, zazpi laguneko koadrila eta etapa lau-lauan arriskutsua izan zitekeelako denbora gehiago hartzen uztea. Iraun dute, halere, 175 kilometro pasa egin dituztelako ihesean. Hori bai, eta espero bezala, ertzera iritsi baino lehenxeago hiltzeko. Lider aldaketa ere gertatu da Herbehereetako triptikoko azkenekoan, Edoardo Affinik lortu duelako, puntometroari esker. Jumbok segitzen du gorriaren jabe, dena den, eta Roglic-i oso erne sumatu zaio tropel buruan.
Bihar ez da etaparik jokatuko, tropela Herbehereetatik Gasteizera, Euskal Herrira mugituko delako hegazkinean. Asteartean itzuliko da lehiaketa, laugarren etaparekin: Gasteiz-Guardia. Ibilbide bihurria du bigarren zatian, Guardiako gune historikora daraman igoera pikoarekin bukaeran.