Meritu handiko garaipena lortu du Richard Carapaz-ek Esteponan. Vuelta irabazteko hautagaien artean Herbehereetan, itzuli handietako garaile aparta, ez da ondo ibili lehen astean, eta podiumeko borrokatik kanpo geratu da. Egokitzen jakin izan du, eta ihesaldietan sartuz etapa garaipenak bilatu. Peñas Blancas mendate gaiztoa da, eta Carapaz-ek alboan zituen otsoak are gaiztoagoak: Kelderman, Jay Vine menderaezina, Marc Soler, Jan Polanc, Elie Gesbert... Carapaz Vine bi etapa garailearen gurpila zaintzera mugatu da igoerako lehen 15 kilometroetan, eta Vine aurkari nagusia justu ikusi duenean eraso bortitza jo du. Denak utzi ditu atzean, eta Kelderman Carchiko lokomotora harrapatzen saiatu bada ere, ezin izan du. Carapazen laugarren etapa garaipena da itzuli handietan, lehena Vueltan.
Oilarren arteko borrokan, dantza handi samarra izan da urrutitik. Jumbok markatu du erritmoa hasieran, Movistar-ek gero, eta INEOS-ek ondoren. Morroiak desagertu direnean liderra bera izan da ardura hartu duena, eta errimo itoa jarriz, erasoak zaildu ditu. Enric Mas, Miguel Angel Lopez eta Carlos Rodriguez saiatu dira, baina Evenepoel-ek hanka batekin harrapatu ditu guztiak. Liderra erori egin da etapan, eta kolpe samarra hartu gorputzeko eskuin aldean. Ez dio min handirik eragin, azken esprintean aise utzi baititu atzean Mas eta Roglic. Ikuskizun erorketak hurrengo egunetan arazoren bat eragingo ote dion Evenepoel-i. Oilarren artean apenas egon dira segundo batzuetako aldeak.
Bihar 13. etapa korrituko da, Ronda-Montilla, gorabeheratsua, baina mendate puntuagarririk gabe. Bukaerak goranzko joera dauka.