Asko espero zen, baina apenas gertatu da ezer. Gertatu dena interesgarria edo ezustekoa izan dela onartu behar, eta astebete luze geratzen zaigula oraindik Vuelta bukatzeko. Evenepoel liderrak minutu eta erdiko errenta mantentzen du Roglicekiko, eta bi minutukoa Enric Mas-ekiko. Ayuso, Rodriguez eta Lopez podiumeko jokotik kanpo daudela dirudi, gaur-gaurkoz, baina batek daki. Evenepoel-ek atzo eta gaur galdu zuen denbora galtzea inork gutxik espero zuen, eta galdu du. Terrenoa badago, azken astean, saiatzeko. Batez ere datorren larunbateko etapan, Madril eta Segoviako mendietan. Garbi esan behar da, dena den, Evenepoel-ek aurrera pausoa eman duela. LaPanderan gorriak ikusi eta gero Sierra Nevadan erabat belaunikatzea aukeretako bat zen, baina eutsi egin dio. Liderra bera da, eta errespetua merezi du. Ondo Remco.
Batez ere bere aurkariak ez daudelako sobera handiarekin. Roglic-ek atzoko taktika errepikatu du, Jumboko taldekideak oilarren hauspoa berotzea agindu baitu Sierra Nevada hasieran. Behin Hazallanas-era iritsita, ordea, kaosa nagusitu da. Jaitsiera bihurri baten ostean hasi delako aldapa tente hori, eta erabat hautsita ekin dio tropelak. Azkar sei lagun geratu dira buruan, eta Jumboko Harper-en gidaritzapean. Hura kenduta Roglic jarri da, baina ez du hautsi, Panderan egin zuen bezala. Bete egin denaren itxura ere eman du, eta helmugara irits arte babesean egin du bidea esloveniarrak, justu antzean. Lopez eta Mas izan dira mugitu direnak, behin Sierra Nevadako ohiko igoeran sartuta. Jo du Lopezek, jarraitu dio mas-ek, eta David de la Cruz Astanako morroiaren laguntza jaso. Minutu erdia baino ez dute lortu, baina, eta Arensmanek ez du inoiz arriskuan sentitu bere garaipena.
Bihar bigarren atseden eguna hartuko du Vueltak, eta gero gerokosk.