Podiuma finkatua dago, baina nor non, ez

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko ira. 5a, 13:50

Evenepoel-ek ondo eutsi zion Sierra Nevadan atzo, eta agintea berea da; Roglic, ordea, minutu eta erdira du, eta Mas bi minutura, oso tarte txikia azken astean dauden arriskuen aurrean

Ziklistak ximurtuta daude, udazkenduta, neguaren babesa etorri zain. Lortutakoa gordetzeko, lortu ez dutena lortu nahian arriskatzeko gogoarekin baino. Iraila da, eta hanka zuztarrak erabat zukututa dituzte ia denek. Aurrean doazenek, eta atzean irauten dutenek. Sierra Nevadako ailegaeran ikusi zena, horren adibide. Jumbo karrera lehertzen saiatu zen, baina ezin, Roglic-ek ez zuelako indarrik izan Evenepoel eta besteak atzean uzteko. Evenepoel bera ere justu, Vervaecke taldekidearen babesean, kilometroak pasa eta pasa. Bukaera ez zen erasoak jotzeko aproposegia, hori ere egia da, baina aurrez nahi beste malkar izan zituzten txirrindulariek aurkariak atzean uzteko, eta ezin izan zuten. Muga-mugan doazelako.

Enric Mas eta Miguel Angel Lopez izan ziren atzo indartsuenak. Lopez kolonbiarrak dauka mugimenduen, aldaketen giltza, baina sumatzen zaio ez dagoela bete-betean. Jo zuen, eta De la Cruz taldekidearen laguntza jaso, baina ondoren ezin izan zuen ez Mas, ez ihesaldian zihoazenak atzeratzea lortu. Mas bera izan zen indartsuena atzo, baina ez zion behar adina etekinik atera egoera horri, jarrera kontserbadorea hezur muinetaraino sartua daukalako. Roglic eta Evenepoel-ekiko minutu erdi gehiago irabazi izan balu, maillot gorria lortzeko borrokan egongo litzateke gaur. Bi minutura egonda, sar daiteke, borroka horretan, baina arriskatu egin beharko du, eta Movistar gordetzeko, goren mailan irauteko behar dituen puntuak ziurtatzeko dago gehiago, puntu gehiago lortzeko arriskatu baino. Arrisku horrek podium-etik kanpo utz dezake Mas, eta egun oso bideratuta dauka Madrilgo argazkia.

Podiumak jabe ia ia ziurrak ditu: Evenepoel, Roglic eta Mas. Baina nor non? Mas-ek 3. koska hori babesteko joera izangi duenez, duda nagusia txapelduna eta txapeldun ordearen artekoa da. Evenepoel-ek dauka aginte makila, baina daukan diferentzia ez da lasai egoteko modukoa. 94 segundo azkar pasatzen dira aurkaria zu baino sendoagoa denean. Egia da atzo askok Remco lehertu egingo zela pentsatzen genuela, baina ez zen hala izan. Komeni gogoratzea bi egunetan denbora galdu duela, eta mendiak dauden etapa guztietan segundo sortak galtzen joaten bada, larri ibili bide da Madrilera gorriz iristeko.

Mendiak, egon, badaudelako, eta asko, azken aste honetan. Biharkoa eta azken etapa, Madrilgoa utziko ditugu arrisku etapen sortatik kanpo. Beste guztiek zeresana emango dute. Asteazkenean Tentudia Monastegira iritsiko da tropela, Badajoz-en. Zaila izango da oilarren artean tarteak ikustea, %5eko pendiza baitu azken maldak. Kontuz osteguneko etaparekin, Erdiko Mendialdean. Ia 200 kilometroko etapa da, eta Piornal mendate serio xamarra da, 13 kilometro luze eta %5eko batez besteko malda. Bitan igoko dute, azkena helmuga. Eta aurrez La Desespera izeneko mendatea, 3.4 kilometro eskas baino %9.4ko batez besteko malda. Helmugatik 80 kilometrora, dena txikitzeko ezin aproposagoa. Ostiralean Talavera de la Reinan hasi eta bukatuko da etapa, Pielagos bigarren mailako mendatea bitan, bigarren pasaera helmugatik urrun, 40 kilometrora, eta larunbatean... Larunbatean festak!!!

Madril eta Segoviako mendateek beti ematen dute jokoa. 2015ean Fabio Aruk Vuelta lapurtu zion Tom Dumoulin-i talde estrategia bikaina antolatuz, eta balentria hura gogoan, hainabt talde euren postuak hobetzen saiatu bide dira, azken ahaleginean. Ia 4.000 metroko desnibela du, eta ibilbidea perfektua da sestra sortzeko. Navacerrada bere alde gogorrenetik, tropela txikitzeko, ihesaldi ona egiteko. 30 kilometroko tarte laua berrindartzeko, eta ondoren, bata bestearen atzetik, Navafria, Canencia, Morcuera eta Cotos. Morcuera da denetan gogorrena, Miraflores de la Sierra herritik. 10 kilometro gogor, aldeak egin eta aurkaria txikitzeko. Han geratzen denak jai du Cotos-ko igoera etzanean, berez mendate errazagoa izanda, aurreko guztien zigorra ordaintzeko ezin hobea baita.


Sailkapen nagusia:

1. REMCO EVENEPOEL (QUICK-STEP)  56.40.49
2. PRIMOZ ROGLIC (JUMBO - VISMA)  1.34ra
3. ENRIC MAS (MOVISTAR TEAM) 02.01era
4. JUAN AYUSO (UAE TEAM EMIRATES) 04.49ra
5. CARLOS RODRIGUEZ (INEOS GRENADIERS) 05.16ra
6. MIGUEL ANGEL LOPEZ (ASTANA KAZAKHSTAN) 5.24ra
7. JOAO ALMEIDA (UAE TEAM EMIRATES) 07.00ra
8. THYMEN ARENSMAN (TEAM DSM) 07.05era
9. BEN O'CONNOR (AG2R CITROEN TEAM) 08.57ra
10. JAI HINDLEY (BORA - HANSGROHE) 11.36ra

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!