Txapeldun handi baten miseria!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko ira. 6a, 18:27

Esloveniarrak helmugatik gertu zegoen maldan erasoa jo eta tropela txikitu du, baina erori egin da 100 metrora eta muturreko handia hartu; Mads Pedersen-ek irabazi du etapa

Zorigaizto latza bizitzen ari da Primoz Roglic, baina zer izanen litzateke bera gabe Espainiako Vuelta? Askoz itzuli kaskarragoa, zalantzarik gabe. Indartsuago, ahulago egon daiteke, baina txapeldun handia da, bide bazterrean ezer uzten ez duena. Itxuraz esprinterren artean erabaki behar zen etapan erasoa jo du, helmugatik bi kilometrora zegoen 600 metroko malda tentean, eta tropela txikitu du. Sailkapen nagusiko guztiak atzean utzi ditu, eta esprinter petoek bakarrik eutsi diote: Ackerman, Danny Van Poppel, Fred Wright eta Mads Pedersen. Taldetxoko buruan egin ditu azken bi kilometroak, tira eta tira, segundoak irabazten jarraitzeko, eta gainsarien jokoan sartzeko aukerarik ez zuela jakitun. Hauspoa bete samar ailegatu da azken zuzengunera, eta Fred Wright-ek aurreratu duenean gurpila ukitu eta zartako handi damarra hartu du Roglic-ek. Odolez zipriztinduta helmugaratu da, zortzi segundoko uztarekin, baina oinazeak jota. Ikuskizun bihar abiatzeko egongo den, eta nola, tamainako kolpeek bizpahiru eguneko tartea behar baitute gutxienez erabat osatzeko.

Azken 5 kilometroetan sartu arte zer kontatu gutxi egon da. Burgos taldeko Ander Okamika eta Euskaltel-Euskadiko Luis Angel Mate ihesaldian, baina tropelaren kontrolpean erabat. Helmugatik 12 kilometrora harrapatu dituzte, eta han etorri da zer kontatua. Pedersen-ek pertsonalki eten du Roglic-ek eta Ackermann-ek egindako etena, eta kilometro batean hauspoa berreskuratu ostean, hanka batekin lortu du bere bigarren etapa garaipena. Aipatzeko modukoa Remco Evenepoel-ek arazo mekanikoa izan duela, hiru kilometroko eremuaren barruan, eta tropeleko lehen ziklistaren denbora eman diote helmugan. Roglic 1.26ra du orain, baina esandakoa, bihar abiatuko den ikuskizun, eta abiatzen bada, nola.

Bihar 17. etapa korrituko da, Aracena-Tentudiako Monastegia, 162 kilometro. Ibilbide gorabeheratsua Badajoz aldeko mendietan, eta bukaera bigarren mailako Tentudia mendatean: 10,3 km. eta %5.3ko batez beste pendiza!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!