Kirol mailan Primoz Roglic izanen da miresmen gehienetakoa eragiten duen txirrindularia, bere lehiakortasun eta ausardiagatik. Horiek ere erakusten ditu tarteka gaurko garaileak, Rigoberto Uran-ek, baina Roglic-ek ez daukan ezaugarria dauka: jendetasuna. Kolonbiako hizkuntza erakargarrian mintzatzen da elkarrizketatzen duten aldiro, natural, zintzo, eta tarteka hainbeste lagunek ikusten dituzten saioetan ohikoa ez dn hizkuntza herritarrarekin. Uranek aspaldi bilatzen ari zen etapa garaipena lortu du Tentudiako Monastegian, eta gutxi izango ziren haserretu zirenak. Kolonbiako zale talderen bat akaso. Uran bikain aritu da azken igoeran, iheskide izan dituenen pausoa neurtuz, pazientziaz jokatuz, 35 urtek ematen duten eskarmentuarekin, eta Jesus Herrada espainiarrari aurrea hartu dio garbi. Herradari eta iheskide gaizto askori: Soler, Craddock, Champoussin, Mader, Gesbert... Handia egin du Parce-k (parcero, kide, lagun Kolonbiako gaztelanian).
Oilarren artean ez da nabarmentzeko gauza askorik gertatu. Movistar eta INEOS taldeek erritmoa bizitu dute azken mendatearen atarian, baina Joao Almeida izan da hanka egin duena. Enric Mas-ek ere jo du erasoa, baina ez dio jarraipenik eman. Batez ere Evenepoel-ek aise eutsi diolako. Bukaeran Almeidak 9 segundo bakarrik irabazi ditu, eta O'Connor-ek, oilarren artean gehien galdu duenak, 16 segundo galdu. Ezer ez.
Bihar 18. etapa korrituko da, Trujillo-Alto del Piormal, Extremadurako lurretan. Etapa arriskutsua da, ia 200 kilometro dituelako, eta zailtasun dezente eta gaiztoak bigarren erdian. Alto de la Desespera igoko dute aurrena, azken 3.5 kilometroetan %9ko malda duen mendatea, eta Piormal ondoren, bitan. Piornal etzan samarra da, %5a baino ez, baina 13 kilometro igoera bakoitzean. Erritmoa bizia bada azken igoera gogorra egin liteke, 40-45 minutuko ahalegina izango baita onenentzat. Estrategientzako ere oso etapa aproposa da.