Itzuli handietako hirugarren asteak ezberdinak dira. Bi astetan lortutakoa defendatzeko joera izaten dute denek, majo sufrituta lortutako emaitzak baitira. Zale eta ikusleoi, akaso, merkea irudituko zaizkigu halako jarrerak, baina itzuli handietako Top 10ak puntu asko ematen ditu UCIko sailkapenean, prestigioa eta sosak, kontratuak sinatzerakoan. Piormal mendatean bukatu den etapan ikusi da hori, berriro. UAEk urrunetik irauli nahi izan du lasterketa, Joao Almeida-ren erasoarekin. Portugaldarra liderrarengandik 7 minutura zegoen nagusian, arriskurik ez Evenepoel eta Enric Mas-entzat, baina bai Astanako Miguel Angel Lopez-entzat. Egun dagoen bosgarren postua babesteko, eta akaso podiuma lortzeko duen aukeraei agur ez esateko. Astanak morroi guztiak erre ditu Lopez-en mesedean, baina azken kilometroan garbi ikusi da Lopez-ek maila hobea eman beharko duela etziko etapan, podiumera igotzeko.
Astanak karrozan eraman du Remco Evenepoel liderra, eta azken mendatean, etzana, guztiei erremate mingarria eman die liderrak. Batez ere Robert Gesink Roglic-en morroiari. Ihesaldian sartu eta oso gertu izan du garaipen handia izango zena, baina Enric Mas-ek ere etaoa garaipena nahi zuen, Evenepoel-i segundo batzuk irabazi, gainsarietan bada ere, eta helmugatik 200 metrora harrapatu dute Herbehereetakoa. Mas-ek dozena erdi eraso kolpe jo ditu, baina denetan aise erantzun dio liderrak, eta Remcok berak ere Mas eta besteak estutu ditu. Azken metroetan aise menderatu du Mas, eta segundo batzuk gehiago irabazi. Madrilgo etapa ikusgarri geratu da, podiumeko hirugarren koska kolokan dagoelako. Mas-ek bigarren postuari eutsi, edo arriskatu eta gorria lortzeko ekimenik hartuko ote duen argituko da larunbatean.
Etapa hasieran erorketa handia eman da, eta Carlos Rodriguez INEOS taldekoa eta Jay Vine mendiko liderra izan dira kaltetuenak. Alpecin taldeko Vine-ek etxerako bidea hartu behar izan du. Rodriguez-ek helmugaratzea lortu du, baina txikituta iritsi da helmugara, eta oso zail dauka Top 3an sartzea. 42 lagun sartu dira ihesaldian, ziurrenik historiako handienetakoa. Bidea egiten utzi die tropelak, Carapaz baitzen onena sailkapen nagusian, 26 minutura. Bederatzi minutuko zukloa ireki dutenean piztu du sua UAEk, Matxinen aginduz, eta Almeidaren erasoarekin. Quick Step-ek egiten utzi dio, baina Astanak ez, eta hor bukatu da Basaurikoak goizean arbelean idatzitako estrategia perfektua. Evenepoel-ek ia-ia indarrik xahutu gabe lortu du etapa garaipena.
Bihar 19. etapa korrituko da, Toledoko Talavera de la Reinan hasi eta bukatu. 138 kilometroko saio laburra, eta bigarren mailako Pielagos mendatea bidean. Bitan pasako dute ziklistek, bigarrena helmugatik 40 kilometrora.