Etapa zozoa izan da oso 19. Pielagos mendateko bi pasaerek borroka piztu zezaketela pentsatzen duten asko, baina Trek taldeak garbi utzi du hasieratik etapa lotuta eraman nahi zuela garaipena Mads Pedersen-ekin bilatzeko, eta oso serio kontrolatu dituzte ihesaldiak, kate motzean. Oilarren oldarraldi batek bakarrik hauts zezakeen Trek taldearen plangintza, baina ez da halakorik pasa, oilarrek etapa lasai egiteko erabakia hartu dutelako. Atzoko etapan hartutako egurraren ondorioa da, alde batetik, eta bihar izango den borrokaren aurrean geratzen den energia apurra gordetzeko nahia, bestetik. Azkenerako, kaltetuena, zalea. Okamika, Caicedo eta McNulty sartu dira ihesaldian, baina lau minutu lortu dituzte asko jota, eta Trek taldeak nahieran kontrolatu du. Pielagos mendateko bigarren pasaeran, gainera, Bahrein taldeak laguntza eman dio Trek-i, Fred Wright-en garaipenean pentsatzen. Asmo hori hutsaren hurrengoa zela erakutsi du Pedersen-ek, aise bere hirugarren etapa garaipena lortuz.
Bihar Vueltako etapa erabakigarria jokatuko da, Madril eta Segoviako mendietan: Moralzarzal-Navacerrada gaina, 180 kilometro eta bost ordu pasako ahalegina, dagoeneko oso zigortuta doan tropelarentzat. 4.200 metroko desnibel metatua du, eta 2015ean Aruk Dumoulin hondoratu zuen etapa baino gogorragoa da. Besteak beste Navacerrada igoko dutelako hasi eta berehala. Horrek erabat hautsi dezake tropela, morroien laguntza alferreko egin, eta buruz buru, zernahi gerta daiteke mendatez jositako 100 kilometroko tartean. Ihesaldian sartzeko makilkadak egongo dira. Evenepoel liderrak jendea bidali nahiko du aurretik, baina Movistar, UAE, INEOS, DSM eta AG2R taldeek ere bai, etapa bukaeran euren liderrei laguntza emateko horren beharra balute. Navacerrada igoko dute aurrena, lehen mailakoa. Navafria eta Canencia oncoren, bigarren mailakoak, eta etapako azken herenean epaile izan bide den mendatea: Morcuera, lehen mailakoa, eta Cotos, ondoren.
Borroka asko daude jokoan. Etapa lortzeko, lehenengoa. Odol garbiko zaldiren bat izango da, ziur. Sailkapen nagusiko Top 10eko bat, ia ziur. Bestelako borroka izanen da sailkapen nagusikoa. Podium-eko borroka, hasteko. Evenepoel eta Mas-en postuek ziurrak dirudite, baina hirugarren kajoia aieran dago. Ayusorena da, behin-behinean, baina Lopez 42 segundora du, eta Carlos Rodriguez minutu eta erdira. 5. postutik atzera dauden hainbat ere podiumeko jokoan sartzea posible da. Almeidak bi minutura du podiuma, baina etapak gogorregia dirudi berarentzat. Arensman-ek hiru minutura du podiuma, O'Connor-ek 3.45era eta Rigoberto Uranek 4.45era. Beste borroka lehen bi sailkatuen artekoa da, Remco Evenepoel eta Enric Mas-en artekoa. Arriskatuko ote da Mas? Eutsiko al dio Remco gazteak? 2.07ko errenta dauka Belgikako pit-bullak.
Diferentziak handiak izango dira etapa gogortzen bada, eta ahuldadea jasaten duenak minutuak izerdi tanten tamainan gal ditzake. Arreta berezia Morcuera mendateari, eguneko gogorrena eta borroka zorrotzenak ikusiko diren maldak. Zehazki, gaina harrapatzeko bosgarren kilometrotik hirugarrenera. Han aldea lortzen duenak, dena den, laguntzaileren bat behar luke aurretik, Morcueratik Cotoserako tartea luzea eta nekosoa delako. Cotos ez da zaila, baina pilatutako nekea handia, eta esandakoa, diferentzia handiak ikus daitezke.