Asko espero genuen, edo nahi genuen, baina ez da ezer pasa. Apenas ahalegin ustel batzuk, Enric Mas, Miguel Angel Lopez eta Juan Ayusoren eskutik, baina gauza gutxi. Jendea muga-mugan iritsi da Vuleta bukaerara, eta hanka zuztarrak broma gutxirako daude. Eguneko ihesaldian ez zen Top 10eko inor sartu, eta horrek erakusten du ziklistek nahiago izan zutela ez mugitu, irabazitakoa galtzeko arriskurik ez hartzea. 25 lagun ihesean, eta zaldi onak berriro: Carapaz, Pinot, Gesink, Valverde, Meintjes... Borak lana egin du tropelean Hindleyren 9. postua babesteko, eta horri esker tropela etapa garaipeneko jokoan sartu da La Morcuera magalean. Han Movistar lasterketa lehertzen saiatu da Rojas, Oliveira eta Veronaren eskutik. Xehatu dute onenen tropela, eta erasoa jo du Mas-ek, baina ustel samarra izan da, 100 metroko kolpea jo eta geratu egin baita. Ondoren, akabo. Cotos-en Lopez saiatu da, Ayuso ere bai, baina alferrik.
Ihesaldian Carapaz eta Higuita izan dira indartsuenak. Meintjes iheskidea atzean utzi dute Cotos-en, eta zurkerian aritu dira ahalik eta errelebo gutxien emateko asmoz. Tropelean UAEk erritmoa bizitu du, Carlos Rodriguez atzean utzi eta Almeidak nagusian postu bat aurreratzeko, eta begi bistan izan dituzte Cotos bukaeran Higuita eta Carapaz. Zortzi segundora, hain zuzen ere. Carapaz-ek otsoen oihuak sumatu ditu gertu, eta bizi-bizi egin ditu mendateko azken 500 metroak. Higuita ere atzeratu du, eta 20 segundoko urrezko aldea lortu. Tropelean Arensman-ek jo du lau kilometrora, baina ez da nahikoa izan Carapaz harrapatzeko. Bukaeran ekuatortarra zortzi segundoko errentarekin helmugaratu da.
Bihar bukatuko da Vuekta, 96 kilometroko etapa erraza, Madrilera iritsi direnak omentzeko festa.