Vueltako notak: 10tik 0ra

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko ira. 12a, 18:17

Hiru aste pasatxoko lehiaketaren bilduma, noten bitartez

Goazen!

10: Remco Evenepoel. Onena. Gorantz eta erlojupekoetan. Ondo iritsi den lehen itzulian lortu du garaipena, eta maillot gorria ez da kolokan egon inoiz. Bi urte eskas dira Lombardiako Giroan sekulako muturrekoa hartu zuenetik. 22 urterekin meritu handia du, ikuskizun etorkizunean noraino irits daitekeen.

9: Juan Ayuso. 19 urte, podiuma. Harribitxia. 119 urteko historian podiumera igotzea lortzen duen historiako txirrindulari gazteena da, eta hori sekulako datua da. UAEn badute Pogacar-en ordezkoa.

8: Enric Mas: Ez zait berak eta Movistar-ek korritzeko duten molde segurola gustatzen, baina bigarrena izan da inork espero ez zuenean. Akaso ez du antzeko beste aukerarik izango Vuelta handi bat irabazteko, baina puntuen premia gorriak sobera ez arriskatzera eraman du Mallorcako txirrindularia.

7. Primoz Roglic: Txapeldun handi bat. Erorketa batek ebatsi dio Vuelta laugarrenez jarraian irabazteko aukera. Lortuko al zuen, azken egunetan? Ez dugu jakingo, baina beste inor baino gehiago saiatuko zela ziur, bigarren edo 12. sailkatu, garrantzi bera duelako berarentzat.

6: Pedersen, Carapaz, Vine: Hiru etapa eta erregulartasunaren maillota danimarkarrarentzat. Beste hiru etapa eta mendiko maillota Carchiko lokomotorarentzat. Vine-ek hegan egin zuen Vueltako lehen astean. Distira eman diote Vueltari.

5: Thymen Arensmann: Ibili egiten da lodi Herbehereetako zainzuria. Gorantz onenengandik gertu, bakarkako lanean ere txarra ez. Zaindu bere jarduna etorkizunean.

4: UAE-Emirates taldea eta Matxin kirol zuzendaria: Podiuma lortu dute, Top 5a Ayusorekin, eta bi etapa garaipen Marc Soler eta Juan Sebastian Molanorekin. Datu horien gainetik, jarrera ausarta beti, inkonformista, txirrindularitza ikusgarria ekartzen duena.

3: Ander Okamika: Vueltako txirrindulari lehiakorrenaren saria eman behar zioten. Gutxienez dozena erdi ihesaldietan sartu da, eta neurri bikaina eman. Triatloi mundutik bizikletako tropel profesionalera pasa eta lan bikaina egiten ari da lekitxarra.

2: Ibilbidea: Txirrindulariei indarrak bukatu zitzaizkien bitartean ikuskizuna eman zuten, Vueltako lehen erdian, batez ere. Bigarrenean, ordea, txispa falta oso agerikoa izan da, batez ere bi etapa gogorrenetan: Sierra Nevada eta Navacerrada. Izan ere, iraila barrurako garaia izan da betidanik txirrindularitzan, ziklistak muga-mugan iristen direlako.

1: Vuelta korritu, baina agertu ere ez diren guzti horientzat. Pertsonalizatu gabe, izen batzuk sobera ahalegindu gabe asmatuko dituzue... Bota izenak!

0: COVID protokoloa: Ulerkaitza da txirrindulari hainbatek lasterketatik kanpo geratzea positibo eman dutelako. Egun positibo izateak ez du sekulako arriskurik suposatzen, eta arautegia ez da garbia. Taldeek ere zeresana izan dute, zintzo jokatzeko konpromisoaren baitan emaitzak publiko egin dituztelako. Ziur askok ez dituztela jakinarazi, lasterketan jarraitu ahal izateko...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!