Euskadi Irratian zuzeneko emankizunak egiteak gauza asko eman dizkit azken urtean. Irratiko pasioa transmititzea, uhinaren bestaldean dagoena kirol emankizunean bertan balego sentiaraztea, denetan garrantzitsuena. Lehiaketak kontatzeaz gain saiatzen gara joaten garen tokiak saltzen, bertakoen testigantzak Euskal Herriratzen. Beno, munduratzen ere, egun, teknologia berriei esker. Urriko lehen larunbatean Adunara bertaratu nintzen, bertako Mendi Duatloiaren berri emateko uhinen bitartez.
Aduna eta Zizurkil N-I errepideren ertzean dauden bi herri horiek dira. Hor daude, baina jende gutxi joaten da. Bertakoen mesede, ederki bizi direla baitirudi handik pasa naizen alditan. Pasa bainaiz. Bizikletan, batez ere. Urnietatik buelta koxkorra emanez gero, Zizurkil eta Adunara igotzea erronka polita da. Egiari zor, Pasus-en barrena Andoainera bueltan zoazenean kosta egiten da Adunara igotzeko erabakia hartzea, krixtoren aldapa dagoelako. Kilometro eskasa, baina hanka zuztarretako ileak tente jartzen dizkizun aldapa pikoa.
Aduna herri txikia da, 500 bat biztanle. Gaztetan han parrandaren bat egindakoa naiz. Herriko lagun baten ezkontzan izan ginen, eta parranda bukaera Adunako terraza batean egin genuen. Herrira sartzeko debekatu ez nindutelako gaitzerdi, parranda hura baino egun batzuk lehenago gaiztakeri handi samarra egin baikenion ezkondu zen lagunari… eta bere familiari. Akerren batek izan omen zuen errua…
Lagun horrek nahi beste erraztasun eman zizkidan Adunan: motxila non utzi, zenbat parte hartzaile zeuden, sari banaketa non eta nola izango zen… Irratian Xabi Torrekoa elkarrizketatu nuen, autoa aparkatu eta gazte talde batek antolatzaileren baten izena eskatu eta Xabi Tejeriarena esan zidatelako. 50 boluntario aritu ziren lanean lodi, herriari kolore pixka bat ematen dioten ekitaldiak ondo ateratzeko lanean. Haiena bai lana, eta ez nirea, minutu bateko dozena bat interbentzio baino ez.
Josu Urrestarazu eta Eneko Gurrutxagaren arteko dema kontatu nuen, baita Enara Oronoz eta Ainara Pequeñoren artekoa. Enarari Osoro eta Oloron esan nion sarri, batek daki zergatik, eta bukaeran duatloi kirolari bikain izateaz gain mekanikari lanetan ere aritu behar izan zuela azaldu zuen Euskadi Irratian. Gurpila zulatu zuen Belkoain mendian behera, eta gurpila puztera geratu behar izan omen zuen bitan. Lan horiek hartuta ere, Euskadiko Txapela jantzi zuen nafarrak, korrikako azken saioan erraiak bota eta Ainara Pequeño harrapatu ondoren.
Proba bukaera osteko uneak izan ziren onenak. Herri guztia kirolarien bueltan, giro onean, denek elkarri laguntzen. Nahi beste jana eta edana lehiaketa osatu zutenentzat, baina baita ikusle edo boluntario lanean aritu ziren guztientzat ere. Antolatzaileak pozik, 70 bat laguneko parte hartzea, eta herritarrak kontent: herri txikientzako arnasa, eta giro benetan polita.
Lanak bukatuta, aspaldi ezkondu zen mutil hark garagardo batera gonbidatu ninduen, soziedadean, eta han aritu ginen hitz eta pitz, Adunako kontuak eta Urnietakoak. Esan nion, inoiz ez nintzela Belkoain mendira igo, Mendi Duatloian mendi bizikletan igo ziren mendia, baina igoko nintzela laster. Hori baino lehen Xoxokako mendatea igo genuen biok larunbat gauean, bakoitzak bere martxan.
Dagoeneko jakingo duzue zein izan litekeen gidari lanak egin zizkidan Adunartutako urnietarra. Badaezpada, arrasto on bat: Euskal Herriko kantari ezagun baten abizena dauka…