Kakotx artean, beti ere, COVID-ak temati irauten baitu munduko hainbat bazterretan. Pentsa zenezakete, 2022a ere normal samar joan dela tropelean, baina egutegiko azken itzuli handian, Espainiako Vueltan, jakin zirenak baino komeri gehiago eragin zituen COVID-ak; pasa beharreko test-ak eta karga biral famatua, berez muga-mugan dauden gorputzei birusak eman zien astindua… Normal traza izan zuen Vuelta ez zela normala izan, alegia.
2023ko probak normalak izango direla ere ezin esango dugu, badaezpada, baina itxura hori du. Ezustekorik ez izateko esperantzarekin jarraituko ditugu probak. Lombardiako Giro osteko asteak aspergarriak izaten dira oso zaleentzat; bizpahiru hilabeteko zeharkaldia, basamortu lehorretik: probarik ez telebistan, eta bizikletan osteratxoa egiteko gogorik ere ez sobera: argi ordu gutxi, eguraldi busti eta hotza, eta alferkeriarako aitzakia franko han eta hemen.
Normaltasunetik urrun, oso urrun, negu hasierak ekarri dizkigun berri lazgarriak. Beste behin, esango dugu, zoritxarrez, errepidera irteten diren ziklista profesionalak, edo zikloturista soilak heroi bilakatzen dituen egoera aldrebesak ez baitu etenik. Entrenatzera, edo buelta bat ematera irteten den kirolaria heroi bilakatzen da, ia-ia, etxera sano bueltatuz gero. Davide Rebellin txirrindulari ohia akabatu zuen Italian Alemaniako gidari batek, bi aste atzera, ziklista bere kamioi azpian harrapatu ondoren. 49 urte zituen Rebellinek, eta erretiroa hartu berri zen, bizikleta gainean ia 40 urteko bidea egin ostean.
Kamiotik jaitsi, Rebellin hilzorian zegoela ikusi eta hanka egin zuen, gainera, kamioi gidariak. Horixe da bizikleta zaleon destinu petrala, Garik eta Hertzainak taldeak Sigarrillos Amariyos kantuan aspaldi abestu zuten bezala. Eskerrak, gurean, legeak nolabaiteko babesa ematen digun, Italian egoera askoz okerragoa baita: han metro eta erdiko distantzia, babesa, ez da arau, eta bertako Parlamentuan ikusi ditugu herriaren ordezkariak lege edo babes eske. 2022an!!!
Bizikletan ibili zaleok garenak mendira bidali gaituzten artaburuak ere agertu dira sare sozialetan, ohiko legez. Errepideak autoentzako direla izan da, esan duten gauzarik suabeena, eta zikloturistok ez daukagula errepidean ibiltzeko eskubiderik. Edukazio kontua izango da, baina gero halako jendea errepidean topatu eta muturreko batzuk ematen badizkiogu barkatuko diguzue, gidari maiteok. Hala eginez gero gure jarrera halako barrabaskeriak esan dizkigutenen pare kokatzen gaituela jakinda ere. Alegia, kakaren pare. Pentsatzen hasita, 0 urte ezin hobea izan zitekeen txirrindulariak hiltzen ez dituzten gidariak bagenitu inguruan, baina hori ezinezkoa da guztiz, errepidean dabiltzan artaburuak biderkatu egiten baitira etengabe. Ez galdetu zergatik…
Kontuak kontu, polita dator 2023a. Batez ere Euskal Herrian izanen ditugun lehiaketak gogoan. Frantziako Tourra Euskal Herrian hasiko delako, irakurle lagun, uztailan. Bilbon hasi eta hiru etapa korrituko dira Euskal Herrian, eta hori mugarri historikoa izanen da. Handikiro jokatzeko ahaleginak merezi du, Tourra sakratua baita gure txokoan, baina xahutu diren milioi euro zakutik milaka batzuk hartzea komeni, desagertu, edo desagertze bidean diren beste proba batzuk bermatzeko. Tourra maite dugulako, baina Urkiolako igoera, Zornotzako Udaberriko Klasikoa edo ziklo-kroseko beste hainbat proba ere gustura ikusiko genituzke gertutik.
Uztaila hasieran izango da traka nagusia, baina aurrez etorriko da Euskal Herriko Itzulia. Eta Tourraren ostean bigarren platera, edo postrea, Espainiako Vueltarekin batera. Nafarroa eta Zuberoa zeharkatuko dute bi etapek. Itxuraz, Lekunberrin bukatuko da lehena, Mortirolo Txikia igota (San Migel monasterioko igoera, baina Uharte-Arakildik), eta Belaguan bukatuko litzateke bigarrena, Izarbe bihurria eta ‹th¸rzaeta horma, Pirinioetako mendaterik tenteena gainditu ostean (erdaraz Larrau, errazago ulertze aldera).
Hausnarketa bat, bukaerarako. Tourrak EAEko hiru lurraldeak eta Lapurdi zeharkatuko baditu; Espainiako Vueltak Nafarroa eta Zuberoa... Noizko Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik igaroko den Euskal Herriko Itzulia? Euskal Herri hegoaldeko itzulia izaten ari baita azken urtetan… EAEkoa izan ez denean! Hausnarketarako gaia baduzu, irakurle. Eragin burmuinari, San Sebastian egunerako, hilabete eskas barru, tropela errepideetan dantzan izango baita bueltan.