Heriotza halakoxea da, eta gizakiok ez gaude heriotzari aurre egiteko prest. Klik bat gertatzen da, eta akabo, ez dago bueltarik: “Heriotzak bizitzaz dugun ikuspegi perfektua hausten du. Heriotzak ez du zentzurik, begiratzen diozun begietatik begiratuta ere. ‘Zergatik hil behar dugu?’ galdetzen dugu etengabe. Niretzat, ordea, heriotza bizitza da, bizitzak heriotzarik gabe zentzurik ez daukalako, eta horrela onartzen dut”. Iñaki Otxoa de Olza mendizale nafarra zenaren hitzak dira, ‘Pura Vida’ dokumentalean jasotakoak. (Otxoa de Olza Annapurna mendian hil zen, 2007an, edema batek jota, 7.000 metrora).
Hamaika aldiz ikusi dut dokumental hori. Ostiral gauean, Amaia Agirreren istripuaren berri eduki eta gutxira, berriro. Motibazio, hausnarketa iturri dira Otxoa de Olzaren hitzak niretzat. Ohe ondoko kaxoi batean daukadan egunkari azala bezala. Hari ere erreparatu nion. ‘Betiko mendian’ jartzen du. Felix Iñurrategi mendizalea Gasherbrum-II mendian hil zenean argitaratu zuen Euskaldunon Egunkaria-k, duela 23 urte. Inpaktu latza izan zuen heriotza hark Euskal Herrian, gertutik eragiten gaituzten beste guztiak bezala. Halaxe beharko du Amaia Agirre urnietarraren kasuak ere: ‘betiko mendian’.
Ez daukat Amaiaren inguruko oroitzapenik. 31 urte hark, mende erdia neuk, belaunaldi ezberdin bi, eta Amaiak Urnietatik hegan egin zuela ere hamarkada luzea bai. Koadrilakoek ere ez zuten ezagutu, lehen bistadizoan. Mendiko taldeko kide batzuk bai, beste ezagun batzuk ere bai. Taberna zuloan entzun nuen pasa den asteburuan, hainbatetan esaten den esaldia, mendian heriotzaren bat gertatzen denean: ‘Zertara joan dira hara, hainbeste arrisku hartuz? Gero pasatzen dena pasatzen da’. Ez ados erabat, iritzi horrekin.
Euskal Herria zerbait bada mendi herria baita. Ze euskaldun ez da mendira joaten sarri? Izan etxe ondoan edo munduaren beste puntan? Zailtasunik gabekoa, edo muturrekoa duena? 0 arriskurik ba ote dago, mendira joan gabe ere? Heriotzatik libre al daude mendi zailak igotzen ez dituztenek?
Amaia mendizale eta eskalatzaile aparta zen. Aparta. Espainiako Mendi Federazioko Mendi eta Eskalada taldeko kidea zen, eta eginak zituen bi igoera aipatuta, ezinezkoa da bere maila ona auzitan jartzea: Grandes Jorasses-eko Groucho Marx bidea egin zuen lehen emakumea izan zen (Frantzia eta Italiako Alpeak), baita Izenik Gabeko Dorreko Eternal Flame bidea ere, Karakorum-en (Pakistan). Bi mendi horien azpian egona naiz, eta ezinezkoa dirudi haiek igotzea.
Egoera hauetan sarri entzuten den bestea izaten da honakoa: “behintzat gustukoa zuena egiten hil da”. Kontsolamendu pobrea da, heriotza edo noiz hil ez baita aukeratzen, normalean. Mendizaleak disfrutatu, gozatu egin nahi du, muturreko sentsazioak bizi, mugaraino joan, beste guztiok bezala. Ez du hil nahi, bailarara onik bueltatu baizik. Heriotzak hori egiten harrapatu du Amaia, zoritxarrez.
Alfred Einstein-en esaldi ezagun batekin bukatu nahi nuke: “Bizitza oso arriskutsua da. Ez gaizkia egiten duen jendearengatik, gertatzen dena ikustera mugatzen den jendearengatik baizik”. Ziur nago Amaia Agirre ez zela gertatzen dena ikustera mugatzen zen horietakoa.
Besarkada beroa bere familiari..