Itzulia 2024

Ethan Hayter-ek ezin hobe errematatu du Omar Fraileren lana

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko api. 3a, 17:51

©Eitb

Santurtzikoak bideratzaile lan perfektua egin du britainiarrarentzat Bastidan, eta INEOS taldeko esprinterrak azken 150 metroetan bultza beste lanik ez du izan garaipena lortzeko; Daniel Felipe Martinez eta Vingegaard gainsarien borrokan murgildu dira

Lanak bukatzea, errematatzea ezinbestekoa da, baina tamainako langile edo bideratzaileak izanda, beti da errazagoa besoak helmugan garaile jasotzea. Omar Frailek Ethan Hayter taldekideari Bastidako helmugan egin dion lana ordainezina da, Santurtzikoak lan perfektua egin baitu britainiarrarentzat. 'Ethan hor daukak, irabazi ezak', esan dio ia-ia bizkaitarrak, helmugarako 600 metroren faltan bizikleta helduleku azpitik hartu eta gorantz egiten zuen kilometro erdia txistu batean igo ostean. Helmugatik 100 metrora eman dio bide Hayter-i, eta Londresko ilehoriak aise menderatu ditu aurkari guztiak. Mauro Schmidt izan da bigarren, Jon Aberasturi gasteiztarra hirugarren, eta Alex Aranburu ezkiotarra laugarren.

Araban, eta batez ere Arabar Errioxan barrena ibili den etapak ez du zer kontatu handirik eduki, bestelakoan. Etorkizunik batere ez zeukan hiru laguneko ihesaldia, eta Guardiako tarteko helmugako gainsariak lortzeko borroka. Caja Rural-eko Jon Barrenetxea, Euskaltel-Euskadiko Txomin Juaristi eta Arkeako Cristian Rodriguez izan dira eguneko abentura zaleak. Bi minutu eta erdiko errenta lortu dute gehienez, baina tropelak aise irentsi ditu helmugatik 40 kilometrora. 25era zegoen Guardiako tarteko helmuga, eta bertan Itzulia irabazteko hautagai bi mokoka aritu dira. Daniel Felipe Martinez iazko garaileak poltsikoratu ditu hiru segundo, bi Jonas Vingegaard Itzulia irabazteko faborito nagusiak eta bat Marc Soler kataluniarrak.

Azken 10 kilometroak ikusgarriak izan dira, ondo kokatzea funtsezkoa baitzen etapa irabazi nahi zutenentzat. Bastidara bidean tropelak kontrako haizea izan du, eta horrek egin beharreko ahalegina ondo neurtzera behartu ditu hautagaiak. Hayter-ek une aproposa iritsi arte itxaron du Fraileren gurpilean, eta eroso nagusitu azken ahaleginean. Maillot horiarekin abiatuko da bihar etapa garailea.

Bigarren etapak Viana eta Leitza lotuko ditu, Nafarroako hego mendebala, ipar mendebaldearekin. 200 kilometro luze bi herrien artean eta hainbat mendate. Bigarren mailako Etxauri, Saldias eta Basakabi, eta hirugarren mailako Uitzi eta Basakabi, lehen igoeran Leitzatik. Ihesaldi onak osatzeko etapa aproposa, Saldias-ko malkarra izan bide da etapako epaile. 2.3 kilometro dira, %9.2ko batez besteko pendizarekin. Tropela txikitu egingo da hor, eta Doneztebera bidean zaila izanen da tropel handia osatzea. Leitzara bidean, Basakabi etzana baina luzea da. Gainetik bost kilometro eskas baino ez daude Leitzaraino.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!