Cappo Cannonnieri bat dago, eta gero beste guztiak. Jonas Vingegaard Euskal Herriko Itzulia irabazteko proportzioan da hekatonberen bat gertatzen ez bada. Hain da nagusi, hain dago indartsu, ondoko denak hankapean darabilzkiela. Baita Mikel Landa bera ere, danimarkarraren erritmoari eusteko gai izan den bakarra. Murgiakoak erraiak bota ditu La Asturianan gora Jumbo taldekoa harrapatzeko, eta lortu du, baina helmugarainoko azken 20 kilometroetan lauzpabost errelebo baino ez dizkio eman ahal izan etapa garaileari. Bistan da porru eginda zihoala, ezinean.
Hainbesterako, azken esprint laburrean Vingegaard-i gurpila sartu ere ezin izan diola egin. Hori, azken bi kilometroetan erreleborik eman ez eta indarberritzeko aukera izanda ere. Vingegaard indartsuagoa da gorantz, ordekan eta esprintean. Denean. 12 segundoko aldea ateratzen dio dagoeneko Landari, bigarren sailkatuari, baina hortik gora egitea zail gertatuko zaio arabarri. Beste oilar guztiak baino egoera hobean da, dena den. Bigarren postua ziurra du Landak gauzak normal.
Education First taldeak berotu du etapa La Asturianan gora. Esteban Chaves, Richard Carapaz eta Rigo Uran saiatu dira, baina alferrik. Vingegaard buruan jarri da, kideei begiratu, eta 'helmugan ikusiko gara' esan ostean hanka egin. Landak harrapatu du, beste guztiek ez. Berea da Itzulia, gaur Rohan Dennis taldekidea galduta ere. Ez dirudi taldekideen behar handirik izango duenik, Itzulia irabazteko.
Bihar bosgarren etapa, Zornotzan hasi eta bukatu. Eta hau ere tricky edo bihurria. 164 kilometro. hirugarren mailako hiru mendate eta bigarren mailako bat, eta puntuak banatzen ez dituzten beste muino asko. 3.400 metroko desnibel metatua, denera. Bikijgoaren hirugarrena, jarraian, bihar?