Ez mendi, ez ibilbide, ez estrategia, ez Krixto. Defentsa onena eraso sendo bat bada, Jonas Vingegaard-ek Eibarko etapan egindakoa erakutsi beharko litzateke txirrindularitza eskoletan. Izan ere, hankapean ibili ditu aurkari guztiak. Vingegaard liderrak eta Jumbo-Visma taldeak.
Vingegaard isolatzeko garrantziaz mintzatu ziren bart aurkari asko, zuzendari asko, baina Jumbo bera izan da talde guztiak isolatu dituena, taldeko bi morroi onenak ihesaldian sartuta. Jumbok Steven Kruswijk eta Attila Vallter sartu ditu ihesaldian, eta horrek urruneko eraso ororen arriskua zapuztu du. Vingegaard-ek lasterketa buruan bi kide laguntzeko edukitzeak liderra erasotzeko estrategia oro zapuztu du.
Oilarrak mugitu ere ez dira egin, panorama hori ikusita, eta Vingegaard bera izan da Izuan gora hanka egin duena. Kideei begiratu, eta aurrez aurre esan die: "Aupa lagunak, Jonas naiz, Jonas Vingegaard. Banoa, helmugan ikusiko gara elkar".
Esan eta egin. Vallter-ek egin dizkio metro on batzuk tiraka aurrena; Kruswijk-ek hurrena, eta 45 segundoko zuloa ireki du txistu batean. Beste erritmo, indar batekin, aurkari zuzenek azkar ulertu dute Vingegaard beste liga batean lehiatzen ari dela, eta podiuma babesteko borrokan murgildu dira.
Vingegaard maisu, nagusi sartu da Eibarko Toribio Etxebarria kaleko helmugan, garaipenaz gozatuz. Mikel Landak ondo eutsi dio bigarren postuari, eta hirugarren koska eta Ion Izagirrerentzat izan da.