Remco Evenepoel kontent egongo da. Larunbatean, eta gauzak normal, maglia arrosa jantziko du Ortonan, Adriatiko itsas ertzean. 20 kilometro eskaseko erlojupekoarekin hasiko da Giroa, laua azken kilometroa izan ezik, eta Pit Bull belgikarrak kronoa hautsi beharra dauka, hiru astetan ze-asman izango baitu bere gurpilean bere aurkari nagusi, eta ia bakarra: Primoz Roglic. Roglic-ek esperantza bakarra du: mendian gora Remco baino gehixeago izatea, eta Evenepoel moztakak erlojuaren aurka, bakarkako lanean kenduko dizkion segundoak jatea, pixkanaka.
Evenepoel-ek bizpahiru minutu kenduko baitizkio erlojupekoan. Lehen etapako 20 kilometroetan minutu erdia eta minutua artean, eta bederatzigarren etapan, Cesenan, beste 35 kilometro luze, batere muinorik gabe. Plater handia txikituko du Remco-k bertan, eta aurrekariak aintzat hartuz, minutu eta erdi inguru jan diezaioke Roglic Esloveniako hegalariari. Bi minututik gora bai, Alpeak eta Dolomitak hasterako. Lehen erdian bada bi oilarren gatza azaleratuko duen erronkarik: Lago Lacenoko ailegaera pikoa laugarren etapan, eta Campo Imperatore, Gran Sasso d’Italia ezaguna zazpigarrenean, 2.130 metrora.
Tamainako bukaeretan ere erabakiko da Giroko garailea, segundo asko irabaz baitaitezke gainsariekin. Bukaera pikoetan Roglic Remco baino hobexeagoa da, itxuraz, eta lehia polita espero da bertan. Hirugarren erlojupeko bat ere bada Giroa Erroman bukatu bezperan, Lussari mendian. Oso berezia eta erreferentziak emateko zaila. 17.5 kilometro ditu; erdia laua, ordoki faltsua, eta beste erdia sekulako malda. Sekulakoa! Lussari 7.3 da luze, eta batez besteko malda %12.3koa da. Lehen bost kilometroetan, baina, %15.3koa da malda, tarteka %22ko malkar puskak ere bai. Hor denbora asko gal dezake edozeinek. Plater txikian nork gatza gehien eman, erabakigarria izanen da. Txarrean, kronoigoera honek Giro osoa baldintza dezake, etapa horretan denbora asko gal edo irabaz baitaiteke.
Zeresan handia Alpe eta Dolomitetan
Giroa zerbait bada mendia da, eta Roglicek eta beste igotzaileek nahi beste aldapa izanen dute erlojupekoetako diktadoreei aurre egiteko. Laceno eta Campo Imperatore aipatu ditugu, baina horiek broma hutsa izan bide dira Giroko bigarren erdian igo behar diren mendatetzarrak aintzat hartuz. 13. Etapa beldurgarria da: 207 kilometro eta 5.000 metroko desnibel metatua. Grand Sand Bernard ezaguna, hasteko, 34 kilometroko mendate etzana, 2.469 metro iritsi arte. Bigarren platera kontrako eztarritik joango zaie askori: Croix de Coeur, 15,4 km. eta %8.8ko batez besteko malda, azken zazpiak %9.7ko media. Altua da Coeur, 2.174 metro. Bukatzeko, Crans Montana. Bazkari oparo baten ostean pintxo txiki baten traza daukan mendatea, baina edonor akabatzeko modukoa: 13.2 km.luze, %7.2ko batez bestekoa.
Hamabosgarren etapa, Bergamo hiri bueltan korrituko dena ere gaiztoa da, mendi apalagoak baina tenteak. Eta azken astea hasteko, Dolomitek ongi etorria emateko, klasiko ezagun bat: Monte Bondone, inoiz bukatzen ez den aldapa: 21.4 km. eta %6.7ko batez bestekoa, bigarren erdi tenteagoarekin. 5.000 metroko desnibel metatua du saio honek. 18. etapak ere, Val di Zoldon bukatuko denak, zeresana emango du, biharamunean korrituko denaren itzalean geratu bada ere.
Geratzea normala, etapa erabakigarriena izan baitaiteke 19. saioa: Longarone-Tre Cime di Lavaredo mitikoa. 5.400 metroko desnibel metatua, eta mendate mitikoak bata bestearen atzetik: Campolongo, Valparola, Passo Giau ikaragarria eta Tre Cime di Lavaredo mitiko, 2.300 metrora. Hori eguraldiak eta elurrak kontrakoa esaten ez badute. Giauk 10 kilometro ditu, %9.4ko malda, eta Tre Cime bukaezina da Cortina d’Ampezzotik. Tre Croci tentea aurrena, Misurina lakuko igoera gero, eta Tre Cime, 3.5 km. %12ko pendiza. Ez sinesteko modukoa.
Azken asteak Bondone du, Val di Zoldo eta Tre Cime. Eta larunbatean Lussari mendiko kronoigoera. Oso aste gogorra da, eta txirrindulari fidagarrienak ere gorriak ikus ditzake.