Remco vs Roglic: Txikiak baina aluak!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko mai. 5a, 18:45

Uran eta Higuita Itzulian

Evenepoel-ek bi minutu pasatxoko errenta lor dezake bi erlojupeko lauetan, baina Roglic indartsuagoa da mendian eta etapak errematatzen; zaila dirudi bietakoren bat ez den norbaitek Giroa irabaztea

Parte hartzaileen behin-betiko zerrendak ezustekoak eman ditu, onean eta txarrean. Txarrean, iazko garailearen hutsunea, Jay Hindley australiarrak Tourra lehenetsi baitu aurten. Euskaldunontzat ere etsigarri samarra da Mikel Landak antzeko erabakia hartu izana, Murgiakoak Tourrean ahalegintzea erabaki baitu. Iaz podiuma egin zuen hirugarren ziklista ere, Richard Carapaz ekuatortarra, ez da abiapuntuan izango.

Egongo direnen artean bi izen nabarmendu behar dira beste guztien gainetik: Primoz Roglic eta Remco Evenepoel.

PRIMOZ ROGLIC: Esloveniako hegalaria jarriko dugo Remco Pit Bull-aren aurretik. Palmares beteagoa daukalako. Hiru Vuelta irabazi ditu Roglic-ek, eta iaz ezin izan zuen laugarrena errenkadan irabazten saiatu, Vueltako azken astean eroriko larria jasan eta gero. Itzuli handietan eskarmentu itzela du, eta dagoeneko Tour-a bere irismenetik aldendu dela onartu du, Jonas Vingegaard taldekidearen mesedean. Erlojupekoan oso trebea, eskalatzaile petoa eta etapa garaile aparta. Podiuma ziurra du, gauzak normal, eta borroka latza izanen du Remco Egvenepoel-ekin. Kataluniako Volta eta Tirreno-Adriatico Itzuliak irabazita iritsiko da Girora.

REMCO EVENEPOEL: Pogacar eta Vingegaard-en itzalean hazten ari den txirrindulari puska. Moztaka, hanka zuztar indartsukoa, sekulako gatza dauka erlojupekoetan, eta ahulaldi batzuk sumatu bazaizkio ere, iraun egiten du mendate luzeetan. Hori bai, Vueltako mendateetan, momentuz, Girokoetan eta Tourrekoetan apenas aritu baita. Erlojupeko bi ditu oso aproposak berarentzat, Roglic bi edo hiru minutura atzeratzeko modukoak, agian, baina eutsiko al dio Pit Bull-ak Roglic-i Alpeetako eta Dolomitetako aldapatzarretan? Ikuskizun, baina mendate horiek asko zigortzen dute ezina, eta egun bakarreko ahuldadea itzulezin bilakatu. Liege-Bastogne-Liege monumentua nagusitasun handiarekin irabazita iritsiko da Girora.

 

OUTSIDER-AK:

JOAO ALMEIDA: Erlojupekoetan oso iaioa da, eta mendian gora portugaldarra atzean uzteko lodi eman behar zaie pedalei. Top 5ak egiten iaioa da, eta oso erresistentea. Bi erlojupeko on egin eta sailkapeneko goialdean kokatzen bada kostata kenduko dute pribilegio postuetatik.

ALEXANDER VLASOV: Errusiarra promesa izaera duen ziklista da aspalditik, eta urteren batean, itzuliren batean kolpea joko du akaso. Bosgarren izan zen pasa den urteko Tourrean, Vingegaard eta Pogacar tartean zeudela, eta Giroan 4. postuan ere sailkatua da. BORA taldeko errusiarra podiuma lortzeko hautagai sendoa da.

TAO GEOGHEGAN HART: Giroko garailea izan zen pandemia betean, 2020an, baina orduz geroztik ez da Girora itzuli. Zabuka ibili da azken urteetan, orain ondo, orain gaizki, eta bere errendimendua inkognita bat da. INEOS taldeak zeresana eman dezake, Geraint Thomas-ek palmares bikaina baitauka itzuli handietan. Tao-k Trentino irabazi zuen aste batzuk atzera.

BAHREIN TALDEA: Berez Damiano Carusok izan behar luke talde buru, bigarren postuan bukatu baitzuen 2021ko Giroa. Romandiako Itzulia 3. postuan bukatu du Carusok. Taldekide ditu Jack Haig australiarra, Top 5ean sailkatzeko hautagaia, eta Santiago Buitrago, ezustekoa eman dezakeen kolonbiar txikia.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!