Kabitu ezinik egongo da orduotan Jonathan Milan, Bahrein taldeko milandarra, itzuli handi bateko lehen garaipena lortuta. Milan txirrindulari azkarra da, baina ez esprinter petoa, eta oso gaztea gainera. Ezusteko handi samarra eman du 1.94ko kankailuak, bere aberrian. David Dekker eta Kaden Groves menderatu ditu Big Man-ak.
Bigarren etapak zer kontatu gutxi izan du, bestelakoan. Lau laguneko ihesaldi zozoa, tropelaren erabateko kontrola, eta azken kilometro arriskutsuak, denak ez direlako kabitzen. Eroriko handia gertatu da helmugatik 3.5 kilometrora, segurtasun eremutik 500 metrora, eta segundo politak galdu dituzte bi oilarrek: Tao Geoghean Hart-ek 15 segundo, Jay Vine-ek 19.
Bihar 3. etapa, 216 kilometro Melfira bidean, eta bukaera gaizto samarra. 3. eta 4. mailako bi mendatetxo, esprinterrak atzean uzteko modukoak, eta azken kilometro erdia ere gorantz.