Txirrindularitza da, baina bolo txapelketa bat izan zitekeen, edo San Ferminetako entzierroa, txirrindulariak korrikalari jantziekin mozorrotuta. Etapa oso gogorra izan da, euria izan dutelako goian behean hasieratik bukaerara, eta horrek urduritasun eta arazo asko eragin dituelako. Batez ere azken 20 kilometroetan, etapako garaipena jokoan sartu denean. Zazpi kilometrora hogeitaka lagun jausi dira bihurgune batean, eta han joan dira lurrera Roglic eta Groves etapa garailea, besteak beste.
Hiru kilometroko segurtasun eremu barruan Remco Evenepoel izan da lurrera erori dena, itxuraz aurretik zeukan txirrindulariaren atzeko gurpila ukituta. Beste dozena bat txirrindulari joan dira lurrera. Eta helmugan azkena, Cavendish-i irrist egin diolako gurpilak zebra-bide batean, eta arrastaka helmugaratu da errepidea alderik alde zeharkatuz abiadura handian. Evenepoel beraren eguneko bigarren erorketa izan da, etapa hasieran ere erori egin baita, zakur bat errepidea gurutzatzen saiatu baita tropela igarotzen ari zela.
Espritean, edo kaosean, Kaden Groves nagusitu da. Australiarrak, eta Alpecin taldeak lan itzela egin dute Groves garaipeneraino eramateko, zazpi kilometrora egon den erorketan atzean geratu baita. Lau kilometroan talde nagusira eraman dute bueltan esprinterra, hurrengo bietan talde nagusiko buruan kokatu, eta Groves-ek bere kasa irabazi behar izan du, bideratzaileen laguntzarik gabe. Balio handiko lorpena, beraz. Sailkapen nagusian ez da aldaketa handirik eman, epaileen azken ebazpenaren zain.
Bihar seigarren etapa jokatuko da, Napolin hasi eta bukatu. 162 kilometro, baina 2.800 metroko desnibel metatua. Eta euri iragarpena, berriz. Bigarren mailako mendate bat dago etapako lehen herenean, eta hirugarren mailako beste bat 70 kilometrora. Gaurkoaren antzeko gidoia izango du, baina euriak ihesaldiaren aukera indar dezake.