Italia ederra da, eta Giroa politagoa. Biak elkartuz gero koktel bikaina lortzen dugu. Tropela Napoli inguruetan ibili da gaur, Amalfi kostalde zirraragarrian barrena. Errepide estuak, sigi-sagatsuak, eta amildegi zorrotzak itsaso aldera, mendia bestera. Gatza ldo eman diote ziklistek, eta ihesaldia aurreko etapetan baino askoz garestiagoa izan da. 20 bat kilometro behar izan dira boskote batek aurrera egiteko.
Boskote hori bikotera murriztu du terreno gorabeheratsuak, Clarke eta De Marchi. Errepidea gora eta behera mantendu duenean eutsi diote, hiru minutuko errentari, baina azken 35 kilometroak lau-lauak ziren, eta hor tropela garaituko duenik ez dago. Egurrean hasi dira Trek, Bahrein, Alpecin eta Movistar, Pedersen, Jonathan Milan, Groves eta Gaviriarentzat esprinta bilatzeko. DSMk ere maglia arrosari eusteko eta Mayrhofer-ekin saiatzeko egin du lana.
Helmugatik 200 metrora harrapatu dituzte De Marchi eta Clarke, tropela matematikari iaioa dela erakutsiz berriro, eta Mads Pedersen danimarkarrak irabazi du esprinta, aise.
Bihar Giroko mendiko lehen etapa jokatuko da, Capua eta Gran Sasso d'Italia-Campo Imperatore artean. Helmuga 2.130 metrora dago, eta etapak 216 kilometro eta 4.000 metroko desnibel metatua du. Bigarren mailako Rocarasso igoko dute lehen erdian, eta azken 45 kilometroak, malda gehixeago edo apalagoarekin, gorantz dira. Lehen 14 kilometroak %6ko malda dute, ondorengo 20-25ak etzanxeagoak dira, eta azken zazpiak nahiko tenteak, %7ko batez bestekoa. Eguraldi trumoitsua espero da, eta euri edo elur zaparradaren bat ere bai, akaso, tropela helmugaratzen den ordurako.