Atzoko porruaren kitarakoa jaso dugu gaur. Etapa bikaina izan da zortzigarrena, eta izan da txirrindulariek jarrera erasokorra erakutsi dutelako, saiatu direlako. Atzo hori ere ez. Zergatik, bada, gaur bai eta atzo ez? Dakienak aberats, atzoko etapa aproposagoa zelako erasorako.
Etapa hasiera ederra izan da. Erasoari erasoa, 50 kilometro orduko batez besteko abiadura egin dute lehen orduan. Ben Healy eta Brandon McNulty ibili dira xestra guztietan. Ihesaldia nola edo hala harrapatu behar zutela bazekiten, baina Healyk bakarrik lortu du lana lodi egin eta gero.
Behin betiko ihesaldia dozena pasa lagunek osatu dute, eta han izan dira Zanna, Verona, Skujins eta beste. Healy-ri begira egon dira denak, eta Education First taldekoak, tropelaren baimena izango zutela ziurtatu ostean erakustaldia ematen irabazi nahi izan du. Helmugatik 52 kilometrora jo du, bakarrik joan, eta bakarrik helmugaratu. Exhibizioa!
Eta tropelean zer? Roglic-ek astindu du zuhaitza, eta hainbat fruitu adarretatik jausi dira. Remco Evenepoel-ek sufritu egin du Capuccini mendatean gora, eta 15 segundoko zuloa ireki. INEOSko Tao eta Geraint Thomas Roglicenganaino iritsi dira, eta elkarrekin helmugaratu. Abisua baino ez da, baina abisu garrantzitsua.
Bihar 35 kilometroko bakarkako erlojupekoa korrituko da, Giroko 9. etapa. Remcoren kitarakoa izango dugu, ziur. Bi minuturen bueltan egon liteke beste faboritoen atzerapena.