Umezurtz, baina aberats

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko mai. 15a, 13:32

Remco Evenepoel liderrak Giroa utzi du COVID-ean positibo eman ondoren, eta umezurtz utzi du lasterketa, baina bi aste ikusgarri utzi ditu aurretik, parekotasun handiarekin: INEOS eta Roglicen artekoak, dirudi, borroka itxiena; bigarren asteak bi etapa erabakigarri ditu, ostiralean eta igandean

Bart gaueko 10.30ak ziren. Remco Evenepoel-en eta Lotto Soudal taldeen sare sozialetako iragarpenek sutan jarri zuten txirrindularitza zaletasuna: belgikarrak Giroa uzten zuela jakinarazi zuen, COVID-ean positibo eman zuelako. Harrabots handia sortzen segitzen du erabakiak astelehenean ere, Remco maglia arrosaren jabe baitzen Giroa uztea erabaki zuenean. Atzoko erlojupekoa irabazi zuen, hori bai, espero ziren diferentziak egin gabe, baina bigarren etapa irabazita eta lidergoan dela utzi du Pit Bull-ak lasterketa. Indarrean dagoen arautegiak garbi dio ziklista batek, talde batek, ez duela zertan COVID testik egin, edota horien emaitza publiko egin. Evenepoel-ek eta Lotto Soudal-ek, baina, positiboa publiko egin zuten, eta horrek lasterketa uztera behartzen du Remco.

 

Gaur atseden eguna da, eta biharko etapak ez dirudi zail-zaila. Remcok, eta bere taldeak, bihar arte itxaron zezaketen behin-betiko erabakia hartzeko, mutilak positiboak eragindako ahuleziari buelta ematen ote zion aztertzeko, baina ez itxarotea nahiago izan dute, eta erabakiak ez dauka bueltarik. Lasterketa uztearen erabakiaren atzean lehen astea bukatuta bere kirol helburuak bete diren edo ez galdetzea ez dago sobera. Remcok berak aurkariak sailkapen nagusian dezentez atzerago edukitzea espero zuen lehen asteko bi erlojupekoak jokatuta. Ez da hala izan, eta hurrengo bi astetan mendian gora izan ditzakeen arazoak lasterketa uzteko erabakian lagundu dute, akaso.

 

Remco historia da, dagoeneko, aurtengo Giroari dagokionez, eta geratzen direnekin gozatu beharko dugu. Remco izan da onena lehen astean, baina haren gurpiletik gertu ibili dira asko, eta haiei eskaini behar zaie arreta orain. Geraint Thomas lider berriari, batez ere. Galestarrak 37 urte beteko ditu maiatzaren 25ean, eta sasoi puntu onean dagoela erakutsi du. Erlojupekoan, eta mendian gora. Tao Geoghegan Hart kidea ere gertu du, eta INEOS-ek oso bloke sendoa dirudi, Filippo Gannak etxerako bidea hartu badu ere. Thymen Arensman gaztea ere 13. da nagusian, eta urrunetik mugitzeko aukera dute.

 

Britainiarren aurkari nagusi eta ia bakarra Primoz Roglic izan bide da. Esloveniarrak gaizki ekin zion Giroari, lehen erlojupekoan denbora gehitxo galduz, baina bere terrenoa iritsi denean aurkari guztiak atzeratzeko gai izan da. Punch handia dauka, errematatzaile petoa da, eta gaur-gaurkoz, G Thomas eta Tao baino igotzaile hobea. Baita itzal egin diezaioketen beste aurkari guztiak baino gehiago ere. Oomen, Bowmans eta lagunekin talde txukuna dauka, eta Erroman arrosa janzteko hautagai sendoena da gaur-gaurkoz.

 

INEOSko blokea ez da Roglic-en erregetza arriskuan jarriko duen bakarra. Beste hiru talderen jarduna ere gertutik jarraitu beharko du Jumbo-Vismak. UAE dago, Almeida eta Jay Vine-ekin. Portugaldarra Thomas-engandik 22 segundora bakarrik dago, eta erresistentzia handia dauka. Vine 2.24ra dago, baina iazko Vueltan urrunetik erasotzeko erakutsi zuen gaitasuna errepikatzen badu, erne australiarrarekin. BORA taldeak ere ez du bere azken hitza esan. Vlasov txukun aritu zen atzoko bakarkakoan. 1.03ra du maglia arrosa eta aintzat hartzeko moduko txirrindularia da. Kamna zaldia ere Vine-ren itxurakoa da, odol garbiko bi hankadun sendoa. Eta Bahrein, azkenik. Carusok ez du soinu askorik egiten, baina beti hor dago. 1.28ra du Thomas. Haig eta Buitrago taldekideak atzera samar geratu dira, baina kolonbiarrak hegan egin dezake Alpe eta Dolomitetan, eta buruko min asko eragin oilar askori.

 

Bigarren aste honetan lau etapa lasai daude, ihesaldietan edota esprintean erabaki daitezkeenak, eta bi etapa gogor: ostiralekoa, Crans Montana, erabakigarria, eta igandean, Bergamo hiri inguruan, oso arriskutsua. Bihar, etzi eta etzi damu 2.500 metroko desnibel metatua duten hiru etapa daude, etapa ehiztarientzako aproposak. Larunbatekoak ere ez dauka nabarmentzeko moduko zailtasunik, Simplon Pass helmugatik 125 kilometrora baitago.

 

Ostiralekoa Crans Montana eski estazioan bukatuko da, Suitzan,  eta akaso Giro osoko etapa gogorrena da: 207 kilometro eta 5.100 metroko desnibel metatua. Grand San Bernardok 2.469 metro ditu, aurtengo Cima Coppi, eta oso gora igotzen da. Mendate etzana da, %5.5eko batez besteko desnibela, baina 34 kilometro da luze, ordu eta erdiko igoera amaigabea. Ondorengo mendateak zeresana emango du:  Croix de Coeur, 2.174 metro, 15.4 km. eta %8.8ko pendiza. Erne, azken zazpi kilometroek %9.7ko maldatzarra baitute batez beste. Croix de Coeur jaitsita 22 kilometroko ordeka osatu beharko dute ziklistek, Crans Montana eski estazio ezagunaren magalera iristeko. Crans eguneko hiru mendateetan errazena da, baina etapa ikusgarri bati erremate aproposa emateko mendate serioa da: 13.1 km %7.2ra.

 

Bergamoko etaparekin ere kontuz, igandean. Valico di Valcava, Selvino eta Roncola Alta segada ezin hobea dira ahuldadea pasatzen ari dena biluzik uzteko. 195 kilometro dira, eta 3.600 metroko desnibel metatua.

 

Altimetria/Profile Stage 13 Giro d’Italia 2023

 

 

https://www.ciclo21.com/wp-content/uploads/2022/12/Perfil-1.png

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!