Irautea arrakasta denean...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko mai. 17a, 17:37

Pascal Ackermann nagusitu da Ortonan, baina erorketek Giroa baldintzatzen segitzen dute guztiz; Tao Geoghegan-ek muturrekoa hartu du eta erretiratu egin da

Azken 70 urteetako maiatzik euritsuena izaten ari dira Italian, Apeninoen inguruan, eta handik ibili da Giroa azken astean. Euritan blai dabil tropela aste osoan, eta horrek komeri asko eragiten ditu. Batez ere hankaz gora joaten diren ziklista piloa, errepide putzutuetan ziztu bizian joatearen poderioz. Gaur Tao Geoghegan Hart izan da etxerako bidea hartu behar izan duena, erori eta anbulantzian eraman baitute erietxera. Tao INEOS-eko txirrindularirik indartsuena izaten ari zen, ziurrenik, eta Dave Brailsford managerraren inperioak kolpe latza hartu du ingelesaren agurrarekin. Thomas liderrak aliatu indartsua galdu du mendiaren atarian, podiumean sartzeko hautagai sendoa baitzen Tao.

Ez da jausi eta proba utzi behar izan duen bakarra izan, Oscar Rodriguez nafarrak ere bide bera egin baitu. Trek taldeko txirrindulari bat gurutzatu zaio aurretik Burlatakoari, irrist egin eta errepide ertzean zegoen seinale baten kontra tupust egiteko. Kolpe handia hartu du Movistar taldekoak, baina momentuz ez da haren lesioen iragarpenik egin. Herren geratzen ari da Giroa, erorketez gain COVID kasuak umezurtz uzten ari baitira Corsa Rosa. Lotto Soudal taldeko lau txirrindularik utzi dute Giroa gaur, positibo kasuengatik, eta Thomas maskaratxoarekin ikusi dugu elkarrizketa set-ean.

Lasterketari buruz, esan, parekotasuna itzela izaten ari dela volatetan. Bost jokatu dira, eta bostetan esprinter ezberdinak nagusitu dira. Bana berdinduta daude Jonathan Milan, Mads Pedersen, Michael Matthews, Kaden Groves eta gaurko garailea, Pascal Ackerman. UAE taldeko alemaniarrak zentimetro gutxi batzugatik irabazi du Ortonan, denboraldiko bere lehen garaipena, eta Mark Cavendish izan da, berriro, nahi eta zein geratu dena.

Bihar 12. etapa korrituko da, Bra-Rivoli: 179 kilometro eta 2.300 metroko desnibel metatua. Bigarren mailako Colle Braida igokjo dute helmugatik 29 kilometrora, eta horrek volata zale petoak aldenduko ditu garaipenetik. Braida 10 kilometro da luze, eta %7.1eko batez besteko pendiza du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!