Kalma, bataila handiaren aurretik. Badira egunak, non sumatu, jakin egiten den garaipena etapa ehiztarien artean erabakiko dela. Gaurkoa, adibidez. Bihar etapa erabakigarria dute oilarrek, eta euren taldeek etapa lasai antzean osatzeko borondate argia erakutsi dute hasieratik. Ihesaldia iritsiko zen, bai edo bai, baina ihesaldia hartzea bai zaila... 75 kilometro ibili dira ziklistak mokoka, eta azkenerako 30 lagunek hartu dute aurrea. 30!!! Tropel nagusia baino gehiago, ia-ia.
Jende gehiegi, gauza onerako. Zuk tira, nik begira, edo nik lan eta zuk jan, ez da pakerik egon ihesaldi hori xehatu, txikitu den arte. Eta lau lagunek lortu dute: Tonelli, Denz, Berwick eta Skujins. Tonelli atzean geratu da Braia mendatean, eta hiru lagunen artean erabaki da garaipena. Hiruko dema horretan izan da Nico Denz izan da azkarrena. Nabarmentzekoa da 30 lagunen artean Jonathan Lastra, Cofidis taldeko bizkaitarra sartu dela. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon.
Bihar 13. etapa korrituko da, 200 kilometro Borgofranco d'Ivrea eta Crans Montana artean, Suitzan. Egia da Grand Saint Bernard ez dutela goraino igoko, tuneletik igaroko direla elurragatik, baina 20 kilometroko mendatea da, halere, desgasterako aproposa. Eguneko bigarren mendatea Giro osoko gogorrena da: Croix de Coeur, 2.174 metro, 15.5 km. luze eta %8.8ko batez besteko pendiza. Bigarren erdia, gainera, gogorragoa dauka. Jaitsiera bukatuta, 22 kilometroko ordeka egin beharko dute, Sion hirian barrena, eta Crans Montanan bukatu. Ez da hausteko moduko mendatea, baina eramango duten tratuarekin, 13 kilometroko mendatea trabatu egingo zaio norbaiti. Batez besteko pendiza ez da txantxetakoa: %7.2