Txirrindularitzak prestigioa galdu du gaur

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko mai. 19a, 17:39

Etapa hankamotz utzi du antolakuntzak, itxuraz muturreko eguraldi baldintzagatik; ostera halakorik ez da ikusi, eta etapa Einar Rubio kolonbiarrak irabazi du, Cepeda eta Pinot-en arteko pikea baliatuz; hego amerikarrek jarrera benetan kaskarra erakutsi dute Pinot ernegatuz

Txirrindularitza lutuz jantzi da gaur. Prestigioa galdu du Giroak RCS antolatzaile taldeak txirrindulari taldeek eskatuta hartu duen erabakiarekin; etapako lehen 125 kilometroak kendu, muturreko baldintzen baitan. Egia da etapa hasieran euria goian behean ari zuela, baina San Bernardoko tunelaren inguruan eguraldia ez zen makurra. Handik ez pasatzea erabaki dute, ustez jaitsiera luzea tenperatura baxuekin ez egiteko. Erabakiak kritika franko jaso ditu, Vegni eta RCS txirrindularien nahien aurrean belaunikarazi direla baitirudi. Giroko lehen bi asteak oso gogorrak izan dira, eguraldi petralarekin, eta ziklisten haserrearen eltzea bor-bor egitear zegoen. Vegnik sua ez handitzea erabaki du, zale guztion atsekaberako.

Asko espero zen etapa baitzen gaurkoa, Giroko gogorrenetakoa. Mutilatu egin dute, eta bueltarik ez. 74 kilometroko etapa utzi dute, eta horrek erabat aldatu du etaparen bilakaera. San Bernardo etzana da, baina luzea, eta bere mella egingo zuen, ziurrenik. 3 orduko etapan oilarrak mugitu ere ez dira egin, eta Roglic-ek imintziorik txikiena ere ez du egin maglia arrosa hartzeko. Asko falta baita. Dezepzio handia tropelean, eta dezepzio are handiagoa ihesaldian, Hego Amerikako bi txirrindulariek Pinot muturreraino ernegatu baitute.

Jefferson Cepeda ekuatortarrak, batez ere. Alboan Einer Rubio kolonbiarra izan du. Buruan pasa dute Croix de Coeur tentea, eta Siongo bailaran plantak egiten hasi dira, erreleborik ez emateko. Autoari deitu, erreleboa tokatzen zitzaienean pasa ez, eta iheskideak ernegatu. Crans Montanan gora ere berdin. Errelebo bakar bat ez, Pinot-en eraso guztiei erantzun eta frantziarra amorrarazi. Pinot-ek tenplea galdu du, dema partikular itsuan sartu da Cepedarekin, eta hortik ihes egin dio etapa garaipenak. Rubiok akainen pare jokatu du, baina bizkor, eta etapa lapurtu dio frantziarrari.

 

Bihar 14. etapa, Sierre-Cassano Magnano. 193 kilometro eta 1.600 metroko desnibela. Simplon Pass igo dute etapa hasieran, 2.000 metroko lehen mailakoa, baina ondoren 100 kilometroko ordeka izango dute. Ihesaldia? Volata? jendea justu antzean doa, dagoeneko, jazarpenerako...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!