Asko espero zen Bergamoko etapan, Lombardiako Giroa klasiko ezagunaren kopia txikia, baina tendentzia konfirmatu baino ez da egiten egunak aurrera joan ahala. Oilarrak, Giroa irabazi nahi dutenak azken aste beldurgarriaren beldur dira, eta ez mugitzeko edo ez arriskatzeko erabakia dute hartua aurretik. Bi aste zakarretara joan zaizkigu, eta oilarrak erlojupekoetan, eta Il Capuccini gainean bakarrik mugotu dira, Healyk irabazi zuen etapan. Gaur Healy antzera egiten saiatu da, baina McNulty hartu dio aurrea azken esprintean. Oilarrak, aldiz, kieto!!!
Noiz arte, bada? Ezin jakin, azken astean ere ohikoa izaten baita oilarrek bi astetan irabazi dutena mantentzen saiatzea, hobetzeko arriskurik hartu gabe, sobera. Baina, hainbestekoa da gogortasuna, mendate festa, galbahea berez egingo dela, eraso festa handirik gabe. Lehen bi asteko euriak mella egin du tropelean, eta asko eta asko muga-mugan doaz. Azken astean gorriak ikusiko dituzte, eta leherketa dezente ikusiko ditugu tropelean.
Bihar bigarren atseden eguna izanen du tropelak, baina asteartetik larunbatera bitarte amesgaiztoak izanen dituzte asko. Etzi, esaterako, Monte Bondone tentean bukatuko da etapa. 203 kilometro eta 5.200 metroko desnibel metatua dauka. 6 orduko etapa latza da. Asteazkenekoa oasia infernuan, eta ostegun-ostirala eta larunbatean infernua bueltan. Ostegunean 3.600 metroko desnibela Val di Zoldon bukatzeko, ostiralean tappone dolomitikoa, Campolongo, Valparola, Giau eta Tre Cime di Lavaredorekin. Zenbakiek ez dute gezurrik esaten, beste hark esan zuen bezala: 183 kilometro eta 5.400 metroko desnibel metatua! Giau eta Tre Cime bata bestearen atzetik igotzeak ziklista onena belaunikaraz dezake.
Larunbaterako Monte Lussariko kronoigoera geratuko da, bost kilometro %15eko batez besteko pendizan dituen aldapatzarra. Egun bakar horretan irauli daiteke sailkapen nagusia, eta bakarkako lanean ondo moldatzen direnek eusteko asmo xumea izanen dute hurrengo egunetan, Joao Almeidak esaterako. Primoz Roglic Giroa irabazteko faborito nagusiak ere ez du zertan sobera arriskatu, Geraint Thomas baino hobea baita mendian gora, eta mendian bukatzen direan ailegaeretan.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. ARMIRAIL Bruno Groupama - FDJ 61:38:06
2. THOMAS Geraint INEOS Grenadiers 1:08ra
3. ROGLIC Primoz Jumbo-Visma 1:10era
4. ALMEIDA João UAE Team Emirates 1:30era
5. LEKNESSUND Andreas Team DSM 1:50era
6. CARUSO Damiano Bahrain - Victorious 2:36ra
7. KÄMNA Lennard BORA - hansgrohe 3:02ra
8. DUNBAR Eddie Team Jayco AlUla 3:40ra
9. ARENSMAN Thymen INEOS Grenadiers 3:55era
10. DE PLUS Laurens INEOS Grenadiers 4:18ra
11. PINOT Thibaut Groupama - FDJ 4:23ra
12. CARTHY Hugh EF Education-EasyPost 4:26ra
13. PARET-PEINTRE Aurélien AG2R Citroën Team 4:30era
14. RUBIO Einer Augusto Movistar Team 5:29ra
15. BUITRAGO Santiago Bahrain - Victorious 6:22ra