Hegalak astintzen hasi da...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko mai. 25a, 17:50

Primoz Roglic-ek kirol heriotza urrun duela erakutsi du Monte Coi-n, eta Almeidari aurrea hartu dio nagusian; Geraint Thomas liderrak ondo eutsi dio, eta bihar etapa ederra ikusteko osagai guztiak ditugu; Filippo Zannak etapa dotorea irabazi du

'The Revenant', bueltan da da Primoz Roglic. Berriz jaio da esloveniarra, inoiz hil edo joan bazen. Jumboko ziklistak Monte Bondonekoa egun txar bat besterik ez zela izan erakutsi du Val di Zoldoko etapan, eta Sepp Kuss bere morroia lagun, mina egiten saiatu da. Baita lortu ere, gaurkoan Joao Almeida izan baita justu samar aritu dena. Portugaldarrak hogeitaka segundo batzuk galdu ditu helmugan, eta sailkapeneko bigarren postua galdu du Roglic-en mesedean.

 

Dolomitetako lehen etapak biharko, Dolomitetako bigarren etaparako atariko ikusgarria utzi digu, sailkapen nagusia guztiz irekia baitago. Thomas sendo dago, baina Roglic ez da errendituko, eta Monte Lussari kronoigoera ere geratzen zaigu. Thomas-ek 29 segundo kentzen dizkio Roglic-i, 39 Almeidari, eta hortik behera arriskurik ez du, Dunbar eta Caruso ia lau minutura baitaude dagoeneko. Zer gertatuko da bihar? Eta batez ere, zer gertatuko da etzi? Tamainako kronoigoera gogor bateko erreferentziarik ez dagoelako, eta denetarik gerta daitekeelako.

 

Biharkoa Giroko etapa gogorrena da, tappone dolomitico benetakoa. 183 kilometro eta 5.400 metroko desnibel metatua: Longarone-Tre Cime di Lavaredo Rifugio Auronzo. 20 kilometro lau ditu, eta gero dena da gorantz. 400 metrotik 2.000 metroko lurretara igoko dira txirrindulariak. Campolongo da lehena, bigarren mailakoa, baina erne Capriletik gora, Arabba baino lehen, malda benetan gogorrak baititu. Campolongotik Corvara Alta Badiara jaitsi, eta Valparola igoko dute, lehen mailakoa, 2.196 metrora. Falzaregotik jaitsi, eta Giau mamutzarra, Giroko mendaterik gogorrena Croix de Coeur-ekin batera. Giauk 10 kilometro ditu, eta %9.3ko batez besteko malda. Cortina d'Ampezzora jaitsi eta infernua. Tre Croci aurrena, lanak ematen dituen bigarren mailako gaina, eta Tre Cime ikaragarria ondoren. Misurina lakuan gora lehen kolpea, %11 kilometro oso bat. Jaitsiera txiki bat eta beste hiru kilometro oso %12ko pendizarekin. Tarteka %18 eta %20ko maldak. Han ez dago bromarik. Han ezinezkoa da aurrekoaren gurpila jarraitzea, bakoitzak bere erritmoan igo behar du ito nahi ez badu.

 

Etapa bera oilarren artean erabakitzea espero da, eta gaur aurrean ibili direnek nekez izango dute aukerarik bihar. Filippo Zanna etapa garaileak, Thibaut Pinote-ek eta beste, beraz, jai izango dute gauzak normal Tre Cimen

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!