Gran Sassok ez zuen halakorik merezi; San Bernardok ere ez; Bondonek ere ez, noski, eta Tre Cime di Lavaredok are gutxiago. Giroko mendiko etapak dezepzio hutsa izan dira, eta izan dira protagonistak hala nahi izan dutelako, eta ibilbidea antolatzeko orduan RCS talde antolatzailearen estrategia guztiz okerra izan dela. Azken aurreko egunean Monte Lussariko kronoigoera jartzea erabaki zuen Vegni ugazabak, eta horrek lasterketa guztia blokeatu du, erasoak kamustu. Biharko etapan beste edozein etapetan baino alde handiagoak egon daitezke oilarren artean, eta horrek beldurra zabaldu du tropeleko onenen artean. Gorde, gorde eta gorde, ez dute besterik izan, eta kitto. Zaleak ikuskizun gogoz eta gose. Erraza zen, gainera, egoerari buelta bat ematea. Pentsa kronoigoera gaur, edo aste hasieran jarri izan balute, eta ondoren mendiko etapak. Baldar RCS. Oso baldar.
Ihesaldi handi bat egin da hasieran, eta ondoren tropelak etapa lasai egitea erabaki du. Batez ere INEOS-i Roglic gainsarietatik urrun uztea komeni zitzaiolako. Lortu du, baina justu antzean, Roglic bera eta Thomas 4. eta 5. izan baitira etapan. Ihesaldian Santiago Buitrago, Bahreingo kolonbiarra izan da denon erreferentzi, eta azkenean aurreikuspenak bete ditu. Kostata, nekez belaunikarazi baitu Derek Gee, bigarren bosgarrenez bukatu duen kanadar bikaina.
Tropelean, esandakoa. Ezer ez. Eutsi, eutsi eta eutsi. Almeidak estutu du aurrena, Tre Cime di Lavaredoko azken maldatan, dagoeneko, baina ez du minik egin. Roglic-ek jo du hurrena, baina Thomas-ek aise hartu dio gurpila, eta kilometro erdira galestarrak berak jo du. Bazirudien Roglic segundo batzuekin atzeratuko zuela, baina esloveniarra bizikletatik jaitsi, eta aurrea hartu dio azken 100 metroetan. Detaile garrantzitsua, Roglic hirugarren izateko zorian izan baita helmugan. Magnus Cort Nielsen-ek esprint txikia egin du hirugarren helmugaratzeko, eta lau segundo horiek zeresana eman dezakete biharko kronoigoeran.
Eta bihar zer? Ba nork jakin, inoiz ez baita tamainako gogortasunik daukan kronoigoera bat. 17 kilometro ditu, lehen 10ak lauak, eta beste 7ak sekulako aldapatzarra: %12ko batez besteko malda, ia-ia. Igoerako lehen bost kilometroak, gainera, %15eko batez besteko malda dute. Zer dira, bada, 26 segundo, ordu erdiko igoera exigentean? Thomas eta Roglic nahiko paretsu dabiltza. G erlojupeko lauetan gehitxo dela esan genezake, baina mendian gora... Irekia dago, benetan Giroa. Ikuskizunik gabekoa, baina irekia...