Batzuetan halako etapak egon behar omen dira, dena ezin delako mendia, bukaera bihurriak edo erlojupekoak izan. Azken bi etapek siesta usain latza zuten eta hala izan da. Batez ere gaurkoak. Lagun bakarreko ihesaldia eta tropela oporretan.
Remco Evenepoel-ek jarri du gatz pixkat, gainsariak zituen esprinta irabazi baitu. Sei segundo zakura, eta aurkariak lo. Hala jarduteak konfiantza falta erakusten duela esango du bakarren batek, baina gogoratu nola ibili ziren Tourrean Pogacar eta Vingegaard, mokoka egunero.
Esprintean Kaden Groves nagusitu da berriz, gaur Pippo Gannaren aurretik. Pentsa zein apala den Vueltan ari den esprinterren zerrenda.... Bihar Javalambre eski estazioan bukatuko da etapa: 11 kilometroko pendiza eta %8ko batez besteko malda. Mendate bakarreko etapa da, eta ez da diferentzia handirik espero.