Beldurrak erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko ira. 1a, 18:16

Geoffrey Soupe frantziarrak ezustekoa eman eta esprinta irabazi du, azken kilometro arriskutsuak baliatuz; eroriko asko egin dira, Arensman erietxera eraman dute larri

Haizea zen beldurra, baina izurriteak bezala, beldurrak mugarik gabe hedatzen dira, eta haizea, errepide estuak, hiri kaleak eta urduritasuna koktel arriskutsua dira. Horrek erabaki du etapa garailea, Direct Energies taldeko Geoffrey Soupe frantziarra, tropelean bizar iletsua daukan bakarretakoa. Helmugatik 300 metrora bihurgune arriskutsua zegoen, eta han geratu dira kateatuta Kaden Groves eta Juan Sebastian Molano faboritoak. Luis Aular venezuelarra izan da bigarren, eta Dylan Theuns hirugarren.

Bestelakoan, etapak zer kontatu gutxi izan du. Haizearen zain, haize-babesen zain zegoen tropela, baina aurrez eman du ia beti, eta ez da haize-babes arriskurik egon. Erorikoak bai, eta ugari. Sepp Kuss erori da, baina jaikitzea lortu du. Ez horrela Thymen Arensman, INEOS taldeko liderretako bat, erietxera eraman baitute lepoko babesa jarrita. G Thomas ere jausi egin da, eta minduta helmugaratu da.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon, Remcok gainsarietan irabazi dituen lau segundo izan ezik. Biharko etaparen zain daude oilarrak, Xorret del Cati aldapa bihurria. Aurrez gorabehera asko Alacant-eko mendian, eta eguraldi kaskarra. Helmuga gaina pasa eta 3.8 kilometrora dago, jaitsiera arriskutsu baten ostean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!