Ezustekorik ez. Ihesaldi arrakastatsua eta mugimendurik ez onenen artean Vinuesako Laguna Negran. Jumbo Vismak askatasuna eman die ihes egin nahi zutenei, ezin duelako egunero egurrean ibili, eta ostiral-larunbatean euren onena eman beharko dutelako Kuss liderra eta Roglic-Vingegaard bikoa babesteko. Kostata egin da ihesaldia, eta 26 lagun sartu dira. Ilustre asko, tartean, INEOS taldeko Geraint Thomas eta Filippo Ganna atzoko garailea, besteak beste. Haiek markatu dute erritmoa, itxuraz Thomas zelako indartsuena, baina garaile on askoak zituen alboan galestarrak, eta ez du garaipenerako aukerarik izan.
Andreas Kron, Jonathan Caicedo, Gregoire eta Herrada izan dira azkarrenak azken kilometro erdian. Espainiarrak bi etapa ditu irabaziak dagoeneko Vueltan, eta aldapa pikoetan ondo moldatzen da. 300 metro falta zirenean jo du, unerik aproposenean, eta iheskideetako inor ez da gai izan Cuencako semearen gurpila jarraitzeko. Tropelean ez da ezer gertatu. Evenepoel-en erritmo bizitzea 200 metrora, baina ezer ez. Gaur lasai ibili dira oilarrak.
Biharko etapak Olvega eta Zaragoza lotuko ditu. 150 kilometro, zailtasun orografikorik ez, eta haizearen zain. Itxuraz ez da haize-babesik eragiteko moduko aldeko haizerik ibiliko, eta etapa lasaia espero da. Kalma, Pirinioetako borroka bikoitzaren aurretik.