Haizearen zain, lokartu egin da tropela. Tentsio puntu bat sortuu da Zaragozako Tauste eta Villanueva de Gallego herrien artean, alde bateko haize apur bat altxa baita, baina oso leuna. Nahikoa ez, noski, haize-babesak sortzeko. Arrakastarik lortzeko aukerarik gabeko biko ihesaldi bati Vllanueva de Gallego herriko esprintak, eta bertan ematen ziren gainsariek eman diote bizitasuna. Batez ere Primoz Roglic-ek lau segundo irabazi dituelako. Zaragozako esprintean UAEk eman du neurria, batez ere Rui Oliveira pistard portugaldarrak. Bikaina Juan Sebastian Molano kideari egin dion bideratzaile lana, eta lehen etapa garaipena kolonbiarrarentzat.
Bihar Pirinioetako lehen etapa korrituko da. Formigalen hasi, eta Tourmalet gainean bukatu, 2.115 metrora. Etapa laburra da, 124 kilometro baino ez, eta lau mendate bidean. Hirugarren mailako Portalet, hasteko. Lau kilometro eskas, baina su ikaragarria ihesaldia harrapatzeko. Jaitsiera luzea eta Aubisque ondoren, maila berezikoa: 16 kilometro eta %7ko batez bestekoa. Jaitsiera luze bat, berriro, Spandelles, eta 10 kilometroko mendate tentea. Tourmalet izango da eguneko azkena, mitikoa, 19 kilometro luze eta %7ko batez bestekoa. Zaila da zer gerta litekeen aurreikustea, hasieratik su handia egingo delako. Jumbok, itxuraz, taktika kontserbadorea erakutsiko du, non eta Remco, Ayuso edo Mas ez diren urrunetik mugitzen. Landa, Mas, Vlasov, Ayuso bera urrunetik mugitu daitezke, baina epaia Tourmaletek jarriko du.