Liztor horiak agintera. Nagusi dira eta ez dago zereginik. Hiru lider dituzte, Vueltako hiru onenak, eta talde indartsuena. Fokoak Vingegaard, Kuss eta Roglic-entzat izango dira, baina a ze etapa egin duten Gesink eta Kelderman morroiek. Ikaragarria haien maila. Jumbok etxean dauka arazo handiena; bere zuzendariak, hain zuzen ere: Vuelta norekin irabazi nahi duten erabakitzea. Gaur Vingegaard izan da onena, baina Kuss gertu izan du, eta Roglicek, itxuraz bere egun txarrean, ederki libratu du. Orain Kuss da lider, 1.37ra dago Roglic, eta 1.44ra Vingegaard. Kuss-ek maila hau mantentzen badu, berak izan behar luke hautatua, baina egoak gauza bereziak dira, eta Roglic-ek eta Vingegaard-ek ere nahiko dute maillot gorria jantzi Madrilen.
Pirinioetakoa goitik behera dominatu dute. Nahieran aritu dira eta eguerdian, arbelean etapa abiatu aurretik taktika marraztu bezala bukatu dute lau ordu geroago Tourmaleten. Aubisque-ko lehen maldatan hartu dute aginte-makila, ziurrenik ahuldadea sumatu dutelako Remco Evenepoel-engan. Belgikarrak sekulako tabloia harrapatu du, eta Aubisquen atzean geratu da, Vueltari agur esanez. Helmugan 27 minutu galdu ditu. Euren beldur nagusia ezabatuta, inurri lanean segitu du Jumbok. Landa eta Carusoren erasoa kontrolatu du Soulor jaisten, eta Spandelles-en gora ezinezko egin ditu erasoak, Gesink-ek erritmo itoa jarrita. Antzera egin dute Toutmaleten, Gesink-ekin aurrena, Kelderman-ekin gero. Vingegaard-ek jo du sei kilometrora, aurrena. Lau kilometrora gero. Mas-ek eutsi nahi izan dio, baina ez du lortu, eta danimarkarrak hanka egin du erraz. Kuss eta Roglic atzean zaintza lanetan aritu dira, eta Mas-ek eta Ayusok tira behar izan dute onenen multzotxotik. Espero bezala, Kuss-ek eta Roglicek egoera hori baliatu dute bi espainiarrak zigortzeko azken kilometroan.
Sailkapen buru dira, eta zirrikituren bat ikusi nahiko bagenu ere, Madrilgo podiuma hori kolorekoa ikusten da erabat. Beno, bi hori eta gorri bat, liderrarena. Jumboko nor izan ote daitekeen jakitea bakarrik falta da, Vuelta haien eskuetan baitago. Biharko etapa, Pirinioetako bigarrena, oso gogorra da, eta gerta liteke gaur baino alde handiagoak egotea. Biarnoko Salbaterran hasi eta Larra-Belaguan amaituko da, Ferial aparkalekuaren parean, Izaban. 160 kilometro, maila bereziko bi mendate, lehen mailako bestea eta hirugarren mailakoa beste bat. Izarbe eta Iturzaeta oso mendate gogorrak dira, batez ere Iturzaeta, eta han gorriak ikusten dituenak azkazalak ere gal ditzake Belaguako haranera bidean. Jumbok dena du kontrolpean, eta haien jardunak esango du biharko etapa ere irabazi nahi duten edo ez.