Remcok Jumboren kloroformoa saihestu du

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko ira. 9a, 18:07

Indarberrituta esnatu eta erakustaldia eman du Evenepoel-ek, Belaguan etapa irabazita. Jumbo polizia lana egitera mugatu da eta oilarrek apenas egin dute mugimedurik, asko eman zezakeen etapan

Remco Evenepoel-ek betirako geratuko den urrezko prestigioa eman dio Larra-Belaguako helmugari, halako helmuga ederrak merezi zuen bezala. Eta eskerrak, Remcok atzoko txakaladia atzean utzi eta gatzarekin esnatu den, tropeleko oilarrek eman duten ikuskizuna benetan pobrea izan baita. Izarbe eta Iturzaetak bazuten non jo, non saiatu, non mugitu, baina ezer ez. Juan Ayusoren bi eraso Iturzaetan, eta kitto. Jumboko poliziek aise itzali dute matxinada saiakera, eta hortik aurrera ezr ez. Egia da Jumbo dagoen moduan egonda, zaila dela haiek atzean uztea, baina saiatzen ez bazara, ziur ez duzula  uztarik bilduko. Beste egun bat joan zaie Enric Mas, Juan Ayuso, Mikel Landa, Vlasov eta besteei, baina egun onaren zain, edo Jumbok kale egingo duen egunaren zain jarraitzen dute, egun hori iritsiko den bermerik batere eduki gabe.

40 kilometroko borroka izan da etapa hasieran ihesaldia sortzeko. 22 lagun sartu dira, eta odol garbiko zaldi onak tartean: Evenepoel, Bardet, Storer, Castroviejo... Bidea egin dute pixkanaka, eta Izarben gora ikusi da garbi Jumbok eguna lasai hartzeko asmoa zuela. Ziklista arriskutsurik ez ihesaldian, ez du erritmo itogarririk jarri, atzo bezala, eta UAEk jarri behar izan du erritmo pixkat Iturzaetan gora. Hori bai, Domen Novak-ekin tiratu du, Evenepoel-en sua itzaltzeko nahikoa ez. Zurdaite jaisten aurrera egin dute Evenepoel-ek eta Bardet-ek, eta helmugaraino iritsi dira. Tropelean, Ayusoren bi keinu eta kitto. Ez sinisteko modukoa. Zortzi minutura helmugaratu dira Belaguan oilarrak, lasai.

Bihar 15. etapa, Iruñea-Lekunberri. Ihesaldirako ezin aproposagoa. Biharkoa eta hurrengo asteko ia denak, Madrilgoa izan ezik. Jumbok ihesaldiek arrakasta izateko atea ireki du, parez pare, eta arriskurik ikusten ez duen bitartean ez du itxiko. Zuarrarrate mendatetxoa igoko dute bitan, han erabakiko da garailea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!