Vueltako bigarren astea; ez hotz, ez bero: 0 patatero

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2023ko ira. 11a, 11:56
Artxiboko irudia.

Jumbo Vismak nahieran gobernatu du lasterketa bigarren astean; podiumeko hiru postuak eurenak dira, eta ihesaldiei atea ireki diete, Vingegaard-ek Tourmaleteko etapa irabazi ostean; zirrikiturik ez da ikusten sailkapen nagusia iraultzeko, eta eustearekin nahikoa dute ia denek

Indartsuenak dira, eta nahieran ari dira. Jumbo Vismak Vuelta heriotz zigorrera kondenatu du. Podiumeko lehen hiru postuak konkistatu dituzte, eta inork ez dauka status quo hori aldatzeko, ez gaitasunik, ezta federik ere. Jakina zen, atarian, liztor horiak zirela Vuelta irabazteko bi faborito nagusiak, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic, baina Javalambreko etapan gertatutakoak errotik aldatu du podium-eko hirugarren koska lortzeko dema. Sepp Kuss-en ihesaldiak lotan harrapatu zituen Movistar, UAE, Bahrein eta Bora, besteak beste, eta orain egun hartako zabarkeria ordaintzen ari dira lodi. Sepp Kuss da liderra, lider sendoa, eta podiuma galtzeko hiru minutu galdu beharko lituzke azken astean. Non pilatuko du halako atzerapena, bere aurkariak baino indartsuago aritu denean maldan gora? Akaso Roglic eta Vingegaard bera adina bada, Kuss, eta taldeak, dagoeneko erabakia hartu du: Kuss-ekin irabazi nahi du Vuelta.

 

Roglic eta Vingegaard erabaki horrekin ados dauden edo ez ez dakigu, lider handiak, garaileak direlako, eta ego-a neurtzea zaila izaten delako izar distiratsuen egunerokoan. Ez lukete Kuss aldaretik jaisteko ekimenik hartu behar, gauzak normal, eta estatubatuarrak egun txarren bat badu bakarrik indartuko da euren hautagaitza. Gaur-gaurkoz ez dirudi txakalaldi hori posible denik. Jumbok, gainera, etapa bana irabazi du dagoeneko hiru liderrekin, eta arlo horretan ere ez dauka behar handirik. Vingegaard-ek Tourmalet gainean irabazteko nahia jakinarazi zion taldeari, bere alabaren urtebetetze egunean jokatu zelako etapa. Behin garaipena lortuta, Jumbok pistoia jaitsi, eta ihesaldiak erraztea erabaki du. Horrek Remco Evenepoel-en mendeku gosea asetzeko aukera ireki du. Etapa dotorea irabazi zuen Pit Bull-ak Larra-Belaguan, eta ez harritu azken astean beste pare bat irabazten baditu. Ez dago belgikarra tropelera lotuko duen zaintzarik.

 

Sailkapen nagusiko lehen hiru postuak erabakita, oilarren arteko borroka erabat itzali zaigu. Jumbok ez die Ayuso, Mas, Vlasov, Landa eta besteei mugitzen utziko, Vingegaard, Roglic eta Kuss oso iaioak direlako zaintza lanetan. Haien bigilantzia saihestea lortuko balute ere, lasai geratuko litzateke Jumbo, morroi eraginkor eta indartsuak dituelako matxinada ahalegin oro itotzeko. Mugitzen utzi, esan dugu, baina mugitzeko borondate, kemen, gatz benetan eskasa erakutsi dute Jumboko tridentea bere aldaretik jaitsarazi nahi duten hautagaiek. Ayusok bi eraso soil egin zituen Iturzaetan, baina beste guztiek eutsi baino ez. Etsipena agerikoa da Mas eta Landaren ahotan, eta zale guztiei momentuz erantzunik ez daukan galdera etortzen zaigu burura: itzuli handi batean podiumera igo diren ziklistek nolatan lehenetsi dezakete 4. edo 5. geratzea? Ez mugitzea, erasotzea, erasotzeak ondoren 4. edo 5. postu hori galtzea ekar badezake ere? Bi aste atzera podiuma, Vuelta irabaztea helburu zuten ziklistak nola konforma daitezke 4. edo 5. izanda? Porrot benetan mingarria da, Jumbo Vismaren agintea hausteko kemenik ez dagoela onartzea. 

 

Azken astean eraso kolpe erorik ez dela egongo dirudi. Ayusok Mas baino intentzio gehiago duela dirudi, baina ezin konfiantza askorik eduki. Non jo edo saiatu badago, mendi gainean hiru etapa bukatuko baitira. Bihar Bejes, bigarren mailako mendate pikoa; etzi Angliru ezaguna, eta etzidamu Cruz de Linares, Vueltan inoiz igo ez den mendatea. Lehen bi etapa menditsuak, baina 120 kilometro eskasekoak dira, eta hain distantzia laburretan oso zaila da triskantza handirik sortzea. Ostegunekoan mugimendu gehiago egon daitezke, etapak 180 kilometro dituelako. Adi, era berean, Madrilera iritsi aurreko etaparekin, akaso denetan erabakigarriena izan litekeelako Guadarramako mendikatean. 208 kilometroko etapa, eta 10 mendate bidean, denak hirugarren mailakoak, baina 4.000 metro pasako desnibel metatuarekin. Kontrolatzeko etapa zailena izan liteke larunbatekoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!