10- Sepp Kuss: Durango Kid. Guztiok maite dugun ziklista. Langilea. Morroi fina, keinu edo adierazpen itsusirik ez inoiz. Andorran bizi eta Bartzelonako Bergueda eskualdean entrenatzen du, eta bailara hori famatzen du bere sare sozialetan. Gaztelaniaz txukun mintzo da eta katalanez egindako galderak ere ulertzen ditu. Amets amerikarraren ispilu da Kuss, bere kirol ibilbideko arrakasta handiena ezustean lortu duena. Erratzeko beldurrik gabe esan behar da, merezita irabazi duela Vuelta, baina bidezkoa da, esatea, erabakigarria izan dela bere bi aurkari eta taldekideen konplizitatea, taldeko manager edo kirol zuzendarien agindua Angliruko etapa irabazi ostean. Kuss-ek Vuelta irabaziko al zuen Vingegaard eta Roglic-i askatasun osoa eman izan bazioten? Ez, ez gaitezen engaina. Baina irabazi du, kito, ez dago bueltarik, dagoeneko. Jumbo Visma taldearen kirol eta bulego gestioa beherago aztertuko dugu, sakonago, nota apalagoekin.
9- Remco Evenepoel: Bai, Vueltako txapelduna zen eta kale egin du. Bai, zalantza maindirea bota behar da etorkizunean itzuli handiak irabazteko eduki dezakeen gaitasunaren inguruan. Baina ze Vuelta puska egin du? Hiru etapa irabazi ditu, laugarrena lortzeko zorian, mendiko maillota, ziklista lehiakorrena, sailkapen konbinatua, erregularrenaren deman ere txapeldunorde... eta egun jakin batzuetan hanka batekin ibili denaren sentsazioa. Zuk zer nahiago duzu, Remco Pogacar eta Vingegaard-ekin Tourrean parekatu nahi duen korronteko kide izan, edota Pit Bull-ari askatasuna eman eta itzuli handietako etapetan, klasiko ezagunenetan eta aste bateko itzulietan iritsezin ari den Remco babestu? Nire erantzuna badakizue.
8- Jumbo Visma: Ikaragarri, iritsezin, nagusi, txikitzaile... adjektiboak bukatzen dira. Hanka batekin dominatu dute Vuelta, eta podium-eko hiru koskak bereganatu, 1966az geroztik eman gabeko kirol gertaera. Egutegiko hiru itzuli handiak irabazi dituzte hiru txirrindulari ezberdinekin, eta errepidean erakutsi duten indarrak beldurra ematen du. 5 etapa irabazi dituzte!!! Albo kalteak ere eragin ditu, nagusitasun horrek, zoritxarrez: lasterketa erabat blokeatu dute, eta aurkarien kemena erabat hondoratu. Txalo handiena liztor horien taldeko morroiei: Van Baarle, Gesink, Atila Valter, Kelderman eta Jan Tratnik.
7- Mikel Landa eta Bahrein: Murgiarrak ez zuen Vuelta korritu nahi. Taldeak behartuta ekin zion, urteko lehen zortzi hilabeteetan emandako errendimendua ona ez zela izan erabakita, eta gogo txarrez ekin zion. Bosgarren bukatu du nagusian, eta Ayuso eta Mas adina edo hobeto, azken astean. Sailkapen nagusiko zilklista sentitu da berriro arabarra, eta ez da gutxi. Bahrein ere ondo, presentzia lasterketari, Anglirun gora Jumboko otsoei koska egiteko indarra erakutsiz. Etapa bat irabazi dute Wout Poels-ekin, eta bi lagun sartu Top 10ean: Mikel Landa eta Santiago Buitrago.
6- Cian Uijdebroeks: Gatza dauka mutil honek. 20 urterekin oso aurrean ibili da, Madrilera justu samar iritsi bada ere. Zortzigarren azkenerako, eta Angliru mitikoan gora atzetik aurrera egin zuen igoera, ikusgarria benetan. Zaindu beharreko gurpila, hurrengo urteetan. Enric Mas-ek bere abizena nola ahozkatu zuen gogoratu behar den bezala. "blo-blo-blo"... Erruki Jauna, Kristo Erruki!
5- Kaden Groves: Bi etapa eta erregulartasunaren maillota. Valentzia aldeko esprintean hartu zuen muturrekoa eta gero, txarra ez. Madrilekoa, azkena, berezietan berezia, eta Remcoren gurpila gertutik zainduz. Ondo australiarra.
4- Ayuso eta Mas: Eskas. Bata zein bestea. Jumboren diktadurari buelta eman ezinik inoiz. Ayuso, sikiera, saiatu zen mugitzen Iturzaetan gora. Mas ezer ez, eta bere ahobero fama are gehiago handitu du, mikrofono baten aurrean neurriz hitz egiten ikasten ez duelako. Ayusok etorkizun guztia du aurretik, Mas-ek etorkizun handirik duen ezin jakin, bere denboraldia eskasa izan delako, eta Movistar bere gainetik jarriko litzatekeen liderra bilatzen ari delako. Horrek are gehiago ernegaraziko du Mas.
3- Vueltako ibilbidea: Pobrea. Mendate bakarreko etapa asko zozoak izan dira, eta etapa menditsuetako kilometro kopurua barregarria: 130 kilometro Tourmalet-en, 130 Anglirun... Non geratu dira 200 edo 230 kilometroko etapa beldurgarri haiek? Ikuskizuna egon zitekeen etapetan Jumbok bere blokeoa indarrean zeukala gehitu, eta oso Vuelta pobrea geratu zaigu. Oso gainera.
2- Jumbo Vismaren barruko gestioa: Penagarria, erridikuloaren mugan. Vuelta irabazi dute, eta podiumeko hiru koskak lortu, baina eman duten irudia oso zatarra izan da, traketsa. Txirrindularitzaren barne araudiek taldeko liderrari ez zaiola erasotzen diote, baina taldeko bi oilarrek morroia erasotu zuten, eta ez behin edo bi aldiz: Vingegaard-ek hirutan, gutxienez, eta Roglic-ek beste bi aldiz. Kuss-ekin ez zirela fio esan zuten aurrena, podiumeko hiru koskak ziurtatzeko aurkariak ahalik eta gehien urruntzeko asmoa zutela erasoek... Jumboko kirol arduradunek ergeltzat hartzen gaituzte. Inoiz ez dugu jakingo zer gertatu zen Angliruko etapako hotelean, afalostean, baino norbaitek aginte makila hartu eta 'nahikoa da!', esan zuen ozen: 'auzo lotsa ematen ari gara munduaren aurrean'. Eta magia balitz bezala, sestrak, erasoak bukatu ziren, eta Vingegaard Kuss-en ezkutari fin bilakatu zen. Roglic-ek ere bere patua onartu zuen, baina Vingegaard-ek egin diona, laugarren Vuelta irabazteko erronka oztopatu, nekez ahaztuko du hegalari esloveniarrak. Ze, hemen, gertatu dena, denoi gertatu zaigu, neurri batean edo bestean: nork daukan ego gehien, nor den onena, nork agintzen duen... Gure ego-ak, baina, ez ditu munduak ikusten; Jumbo Visma taldearenak bai.
1-Guardia Zibila: Ulerkaitza eta salatzeko modukoa haien jarduna. Ez dute txirrindularitza kulturarik, eta zaleak modu txarrean bultzatzen dituztelako bilakatu izan dira notizi oarin arte. Vuelta honetan taldeetako hainbat laguntzaile kaka zaharra bailiran tratatu dituztelako helmugatan. Edo ez dakite laguntzaileak direla, edo norbaitek esan die helmugan sartzen den oro muturrekoka kanporatzeko. Javier Guillen Vueltako ugazabak neurriak hartu beharko lituzke, ez baita helmugetakoa akats bakarra izan. Polizia asko ikusi dira errepide zaintzen txirrindulariei bizkarra ematen, euren jardunean. Hori ezin da baimendu, oso arriskutsua delako, eta ez badakite, erakutsi egin behar zaie. Azken galdera bat. Zergatik ez dira gertatzen tamainako liskarrak Giroan carabinieri-ekin, edo Tourrean gendarmeekin?
0- Antolakuntza: Desastre. Maiuskulaz. DE-SAS-TRE. Taldekako erlojupekoa gauez, Montjuic-en komisarioak jendeari irudiak ote zituzten galdezka, denborak erabakitzeko; Remco muturrez aurre sekulako kolpea hartzen Andorran; Murtziako iritsierako neutralizazioa; hegazkinetako arazoak Valladolid-era zihoazen hegaldietan, Guardia Zibilen jarrera... Zer hobetu franko ez, dena dauka hobetzeko antolakuntzak, baina ez ahaztu Vuelta ASOrena dela. Alegia, Tourreko eta beste hainbat txirrindulari lasterketetako jabe berarena: Amaury Sport Organization. Haiek eman diote aginte makila Guillen-i, haiek dute anabasa konpontzen saiatzeko boterea.