Ostegunekoa, seigarren ekitaldia, arrakastatsua izan zen, berriro. Zinema aretoa lepo betetzetik gertu, Urnieta mendiko pelikulen gose zegoela esan genezake erratzeko beldurrik gabe. Urnieta eta ondoko herrietako mendizaleak, inguruetatik hurbildutako jende asko baitzegoen Saroben.
Herri txikien artean lehena, tradizio bilakatu da MendiFilm Urnietan. Bi ordu pasa, iazko ekitaldiko lan sorta dastatzen. Aurtengoa, berezia, mendiak beretzat gorde baitu betirako Amaia Agirre Gonzalez herritarra. Amaia oroitzeko erakutsi zen bideoak, eta Aitor Elduaien hizlariak botatako hitzek aspaldi gogoratzen ez dudan isiltasun sakona eragin zuten Saroben. Txalo zaparrada soinutsu baten segida ekarri zuen isiltasuna.
Ederrak lau pelikulak, jendea aho bete hortz uzteko modukoak, euren umore eta ironia kutsuz zipriztindutakoak. Jakin-min gosez, jendea bukaeran, Charles Dubouloz alpinista frantziarrak Alpeetako Grandes Jorasses mendigunean egin zuen balentria, edo erokeria, nolatan osatu ahal izan zuen, galdezka. Izan ere, sei-zazpi egun 1.000 metroko horma batean zintzilik, bakar-bakarrik, negu betean eta –30ko tenperaturarekin. Hiltzeko arrisku handiak hartuta, alpinista beraren ahotan.
Ikusle bati entzuna, Sarobeko irteeran: “Zertarako, zergatik, hainbeste?”. Maite dut galdera hori entzutea. Erantzunak bizkorrena ere hausnartzen uzten duelako: “Eta zergatik ez?”. Saroben ba ziren, ginen, gure bizitzan tarteka mendian erokeria, edo gehiegikeriaren bat egin dugunak. Bakoitza bere arrazoiekin, mendira joan eta muturreko abenturatan murgiltzeko. Neuk Albert Einsteinen esaldi ezagun bat erabiliko dut, zergati moduan: Bizitza etorkizunerako prestakuntza da. Eta prestakuntzarik onena, etorkizunik batere ez balego bezala bizitzea da.