Agirre-Gonzalez sendiak merezitako omenaldi beroa jaso zuen asteazken gauean Sarobe aretoan. Lepo bete zen gunea, 200 lagun ia, eta oso momentu hunkigarriak bizi izan ziren. Batez ere Joxe Mari Agirre aitak Amaiaren, bere alabaren izaera mendizalea erakutsi nahi izan zuelako, oraino inork ikusi gabeko bideoan. Joxemarik zortzi minutuko bilduma ederra erakutsi zuen, Amaiaren alpinismo jardunaz, eta mendizale gazteak munduko hainbat mendi guneetan pilatutako curriculum distiratsua nabarmendu nahi izan zuen.
Amaiaren bideo bukatuta arratseko unerik hunkigarriena iritsi zen, emanaldia antolatu zuen Zanpatuz mendi taldeko kide bik, Koldo Tapiak eta Jokin Lizeagak lore sorta bat eman baitzieten Amaia Agirreren gurasoei: Joxemari Agirre eta Belen Gonzalez-i. Tapiak hitz goxo batzuk esan zizkion bikoteari, lore sortak euren samina ez zuela itzaliko onartuz, baina Sarobera bertaratutakoen berotasunak samin hori samurtzen lagunduko zielako itxaropentsu. Txalo zaparrada zintzoa eskaini zion jendeak bikoteari, eta Belen Gonzalez Amaiaren amak mikrofonoa hartu eta ‘eskerrikasko’ hitza esateko adorea izan zuen bere eserlekura bueltatu aurretik.
Uxue Loizu eta Amaia Segurola nafarrek ‘Abriendo Camino’ dokumentala azaldu zuten ondoren, Espainiako FEDME Mendi Federazioko emakume gazteek osatutako mendizaleek Jordania eta Saudi Arabiako haitzetan egindako hainbat bide erakusten dituen dokumentala. Horietako asko bide berriak, eta emakumeek irekitakoak, lehen aldiz. Dokumentala bukatutakoan hainbat ikusleren jakin-mina ase zuten bi nafarrek, eta ekitaldia Joxe Mari Agirre eta Belen Gonzalez-i azken txalo zaparrada eskainiz bukatu zen.