Erabakiak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko ots. 23a, 07:00

Loteria tokatu zaie Euskal Herriko bi talderi, Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharmari, Espainiako Vuelta delako euren erakusleiho handiena babesleak kontentatzen saiatzeko.

Bizitza erabaki bilduma bat da. Egunerokoan gehien egiten dugun ekintza. Bat hartu, bestea ez… Guk erabakitzen dugunean, gaitzerdi, erabaki asko emanda etortzen zaizkigulako. Haiek aldatzeko aukera, gainera, txikia da. Jasotako erabakia guretzat ona bada, kontent. Ez bada, komeriak. Pasa den astean ezagutu genituen Espainiako Vueltako antolatzaileek abuztua eta irailean jokatuko den itzulirako zein bi talde gonbidatuko zituzten. Loteria tokatu zaie Euskal Herriko bi talderi, Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharmari, Espainiako Vuelta delako euren erakusleiho handiena babesleak kontentatzen saiatzeko.

Ez zuten gonbidapenik espero, eta opariak ezustean etortzen direnean gusturago hartzen dira. Kirol emaitzen irizpidea aintzat hartuta, meritu gehiago zituzten talde bi baziren, gonbidapena jasotzeko hautagai sendoagoak, baina Vuelta eta beste lasterketa askotako antolatzaileak erakunde pribatuak dira, eta onean eta txarrean nahieran erabakitzen dute. Alegia, nahi dutena, edo komeni zaiena erabakitzen dutela. Batzuetan alde, eta besteetan kontra, baina bueltarik ez duten erabakiak hartzen ohituak daude.

Ikuskizun Mikel Iturria urnietarra Vueltako zortzikoan egongo den edo ez, baina talde laranjan eskarmentu gehien duenetako bat izanda, behin-betiko zerrendan egoteko aukera handia du. Urteetan gora, akaso Espainiako Vuelta korritzeko, eta bigarren etapa bat irabazteko azken aukera izan daiteke Iturriarentzat. Ederra litzateke Urdazubiko helmugan bost urte atzera Euskadi-Murias taldearekin lortutako arrakasta bueltan dastatzea. Garaipenik gabe ere, Iturriak izango du familia, lagun eta ezagunen babesa Vuelta Euskal Herrira hurbiltzen denean, Gasteiz eta Izki aldera, iraila hasieran.

Iraila urrun geratzen da oraindik, baina azkar etorriko da Euskal Herriko Itzulia. Pazko astean, apirileko lehen astean, hain zuzen ere. Orduan ere izango da etxeko ziklistak errepidean ikusteko aukera ona, Itzuliak aurten Beterri bailarari iskin egingo badio ere. Irun aldera joan beharko da, gertuen, tropela gertutik ikusi nahi bada. Itzuliko ibilbidea ere emanda etortzen zaigun erabakia da.

Eguraldia bezala. Pixkanaka badoan negu txepelak ostikada gogor bat emanda agurtu nahi du, eta otsaileko azken egunak benetan gaiztoak omen datoz. Hainbesterako, itxuraz Adarramendi bigarrenez zurituko duela negu osoan. Elur zaleak triste gaude, baina ezin ezer egin. Aspaldi, Palentzia iparraldean, Curavacas mendia igotzeko asmotan, bertako artzainari ze eguraldi zetorren galdetu nion, eta honakoa bota zuen: ‘El tiempu? El tiempu hay ke dejalu, no puedes cambialu’.

Han ginen guztiak mutu utzi gintuen artzainak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!