10: Josean Fernandez Matxin eta UAE: Aldekoak eta kontrakoak ditu, baina asmatzen duenean meritua aitortu behar zaio. Estrategia aparta prestatu zuten hotelean eta dena pentsatu bezala irten zitzaien. Emaitza: Itzulia poltsikora, eta talde lan sentsazio ikaragarria. Pobre antzean, triste zihoan Itzulia ederrestu du UAEren lanak.
9: Juan Ayuso: 21 urterekin tokia eskatzen ari da. Bere garaipenak izartxo bat erakutsiko du betirako, irabazi zuen ekitaldian faborito nagusiak erori eta lasterketa utzi zutelako, baina Ayuso ere erori zen, hirugarren etapan, eta oilarrak jausi ziren une erabakigarrian erorketa saihestu zuen. Bera izan zen indartsuena etapa erabakigarrian eta horrek ez dauka bueltarik
8: Mattias Skjelmose: Gorantz datorren beste txirrindulari handi bat. Talderik gabe geratu zen UAEk gehien estutu zuen unean, baina ez zen berehalakoan belaunikatu. Keinu benetan polita eduki zuen Roglic-ekin Legutioko podium-ean, maillot horia janzteari uko eginda
7: Primoz Roglic: Ikaragarria bere sare sozialetan erakutsi duen argazkia, bendaz eta tiritaz josia. Izar handia da, baina badu zerbait erorikoekin, asko jausten baita. Hori bai, fuoriclasse-a da: Irungo erlojupekoa nola irabazi zuen, bidegurutze batean nahastuta ere. Olaberrian hartu zuen zartakoa hartuta ere irautea gauza handia da. Itzuli handietan Vingegaard eta Pogacar-i aurre egin diezaiokeen bakarretakoa da. Bide batez, jausi ziren guztiei osatze prozesu azkar eta ona!!!
6: Lapeira, Hermans, Meintjes, Gregoire eta Carlos Rodriguez etapa garaileak: Itzulia maila handiko lasterketa izaten da, eta etapak irabaztea oso lantegi zaila. Irabazi zutenetako batzuk prestigio handia irabaziko dute etorkizunari begira.
5: Ibilbidea Ipar Euskal Herrian: Bazen garaia. Ea berriro itzultzen denerako ez diren beste lau hamarkada pasatzen. Ea behingoz hiru eskualde ezberdin ez, baino nazio bakarra garela pentsatzen dugun. Itzulia baita munduan barrena garena erakusteko erakusleiho garrantzitsuena.
4: Ibilbidea: Egokia iruditu zait. Lehen erlojupekoak tarteak zabaldu zituen, lasterketa ireki, eta ibilbidea ez zen saldu zen bezain arriskutsua. Kanboko etapa ere ederra izan zen, Lapurdiko muinoetan, eta Legutiokoak zer eman zezakeen jakin gabe geratuko gara, zoritxarrez. Eibarkoarekin garbi geratu da, beste behin, etapa hirian jarrita etapa askoz mugituagoa dela.
3: Euskaldunak: Hainbestean. Saiatu dira bigarren mailakoak urrutitik, baina hori oso zaila da egungo txirrindularitzan. Ion Izagirre atzera geratu zen Kanbon, erorita, eta Pello Bilbaok onartu du gatz pixka bat falta izan zaiola onenekin egoteko
2: UCIko komisarioak: Legutioko etapan hartu zuten erabakia aurrekaririk gabekoa da. Etapa neutralizatu eta ondoren aurretik zihoazen seiei etapa lehiatzea baimendu? Erorketarik gabe tropelak irentsiko zituen. Zergatik 6 bakarrik, eta ez tropel osoa? Denak edo inor ez, ezta? Tristeena, ez dela azalpen sinesgarririk eman.
1: Abiadura eta teknologiaz: Hausnarketa sakona merezi du gai honek. Remco Evenepoel 67 kilometro orduko abiaduran zihoan Kurtzetan behera jausi zenean. 90 º-ko bihurgunea ematera zihoan, malkar handian, eta heldulekua goitik heltzen. Arrisku gehitxo, ezta? Ba hori ekarri du bizikleten teknologia hobetzeak, errendimendua hobetzeak, eta beti buruan joan nahi izateak. Eta lasterketa hori nekez gelditujo da, protagonistek eurek azterketa pausatua eta sakona egiten ez badute.
0: Antolakuntza eta Legutioko podiuma: Hartu zen erabakia ulertu ezinik segitzen dut. Konpromisoak konpromisoak dira, eta Legutiok, noski, etapa bukaera bat eta podiuma ikusteko ordaindu zuen. Baina etapa bukaera bluff bat izan zen, eta podiuma tristea. Ezinezkoa al da Legutio beste urte bateko etapa bukaerarekin saritzea? Benetako etapa batekin? Dozena bat lagun erietxera bidean, edo erietxean ziren, pronostiko larriarekin, eta podium-eko ekitaldia ezer gertatu izan ez balitz bezala eman zen...