Atzo zalantza utzi zuen; gaur denak uxatu ditu. Nahikoa izan da 12 kilometroko aldapa bat, lehen mailako mendate serio bat, aurkari guztiak txikitu eta Giroa berea izango dela erakusteko. Berea izango da ezusteko handiren bat gertatu ezean, lasterketatik kanpoko egoeraren bat: katarro edo gaixotasunen bat, erorikoren bat... Pogacar oso nagusi da, baina sumatzen zaio ez dagoela bete-betean, hala izanez gero alde handiagoak aterako zituelako. Giroa irabazteko bere gaitasunaren %60an egotea nahikoa du esloveniarrak, eta Tourra du begiz jota, han %100ean egoteko.
Oropak sententzia eman du. Pogacarrek bere morroi guztiak erre ditu jendea estutzeko, eta lau kilometro eta erdira jo ondoren aise utzi ditu denak atzean. Minutu erdiko errentarekin helmugaratu da, baina Thomas eta Daniel Felipe Martinez 45 segundora ditu dagoeneko. Bosgarrenetik atzera minutuko atzerapena baino gehiago dute denek, dagoeneko. Podiumeko bi koskak lortzeko borroka estua espero da benetan, hautagai mordoa dagoelako: Storer, Uijdebroeks, Lipowitz, Einer Rubio, O'Connor, Geraint Thomas...
Bihar etapa lasaia: Novara-Fossano. 165 kilometro eta lehen volata.